"Epaiketara goaz". 11/13 sumarioko auzipetuak prest daude epaiketa bertan behera utziko lukeen akordio bat onartzeko, baina, oraingoz, Espainiako Auzitegi Nazionalean egin beharko duten defentsa prestatzen jarraitzea beste aukerarik ez dute ikusten. Bederatzi egun barru hasiko dira saioak, eta, gaur-gaurkoz, ez dute akordio proposamenik ikusi mahai gainean. "Gure aldetik ez gaude itxita bide hori aztertzeko", azaldu du Amaia Izko abokatu eta auzipetuak, Bilbon. Hilaren 16tik aurrera, beraz, 601 urteko espetxe zigor eskariari egin beharko diote aurre euskal presoen babes taldeetan aritutako 47 auzipetuek. Esker ona azaldu dute orain arte jasotako babesagatik, eta haien aurkako bidegabekeriak herritarrengan sortutako sumina “etorkizunari ateak irekitzeko giltza” bilakatu dadin nahi dute.
“Iraganeko estrategia errepresibo baten aurrean” ikusten dute euren burua auzipetuek, eta egoera hori gainditzeko beharra nabarmendu dute. Horretarako, “ezinbesteko” iruditzen zaie euskal preso eta iheslarien auzia agendan sartzea, eta, azaldu dutenez, mobilizazio soziala da horretarako bidea. Horregatik, berriz ere, hurrengo larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin dute auzipetuek.
Babesa eta ezinegona
“Olatu bat” izan da udan jaso duten sostengua, auzipetuen hitzetan. Asko izan dira 47ak Herrian kanpainaren barruan hainbat herritan jaso dituzten babes keinuak. Zehaztu dutenez, ideologia, sentsibilitatea ea jatorri askotako jendea mobilizatu du haien kausak, eta horren adibide zehatz bat ere mean dute: Jon Maia bertsolariak euren kasuari buruz idatzitako manifestuak izan dituen 11.000 sinadurak.
Epaiketak dakarren kostu pertsonala ere nabarmendu dute auzipetuek. Atxiloketek, euren lana kriminalizatzeak eta epaiketaren gastuek eragindako “ezinegona” aipatu dituzte, besteak beste, eta datu zehatza ere eman dute. Kalkulatu dutenez, 350.000 euro beharko dituztelako, guztira, epaiketak eragingo dizkien gastuei aurre egiteko. Diru bilketa kanpaina bat ere abiatu zuten horregatik, eta, datu zehatzik eman ez badute ere, “ongi” doala esan dute.