Sinadurak emateko ekitaldia baliatu du Foro Sozialak eragile politiko eta sindikalekin izandako harremanen berri emateko. Aitzpea Leizaolak eta Agus Hernanek esan dutenez, "adostasuna" aurkitu dute eragile gehienen jarreretan. Gehien-gehienek uste dute gatazkaren konponbidean sakondu beharra dagoela, armagabetzeak sortutako egoera berriak abagune egokia eskaintzen duela horretarako, espetxe politika egokitu egin behar dela, gaixo handi dauden presoen egoerari "ikuspegi humanitario hutsetatik" irtenbidea eman behar zaiola eta urruntzeak bukatu egin behar duela.
Zehaztu dutenez, oinarri horietan bat datoz Eusko Legebiltzarrean %88ko ordezkaritza duten alderdiak —PPrekin ere bilera egin dutela argitu dute, baina erantsi dute ez duela bat egiten oinarri horiekin— eta sindikatu guztiak. Iragarri dute laster jakinaraziko dutela zenbaterainoko adostasuna dagoen Nafarroan, herrialde horretako eragileekin egin beharreko harremanak ez baitira oraindik amaitu.
Horregatik, Foro Sozialak uste du badaudela "alderdi politiko gehienen eta sindikatuen arteko elkarrizketa bateratzaile eta transbertsala hasteko baldintzak". Haien ustez, elkarrizketa horretatik akordio bat irten beharko litzateke, baina eragileen esku utzi dute horretarako esparruak eta epeak ezartzea.
Adostasun hori gauzatuz gero, "akordio zabalago bat" egiteko aukera egongo litzateke, eta, horretarako, Foro Sozialak uste du armagabetzearen auzian arrakastatsu suertatu den "triangeluaren eredua" ezar litekeela. Hiru lirateke triangelu horren erpinak: alde batetik, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Elkargoa; beste alde batetik, preso edo ihesean dauden pertsonak; eta, hirugarrenik, gizarte zibila.
Foro Sozialak dei egin die eragileei "hitza ere" desarmatzeko, eta prozesu horretan lagungarri suertatzen ez diren ika-mika eta polemikak saihesteko. Horretaz galdetuta, argiago mintzatu da Hernan, eta zehaztu du duela bi aste EAJ eta Sorturen artean izandako ika-mikak izan dituztela gogoan hausnarketa hori plazaratzean.