EAJk eta PSEk zerga erreformaren inguruan adostutako akordioaz aritu da Alfonso Alonso prentsaren aurrean, eta zehaztu du Alderdi Popularrak ez duela oraindik akordioa onartu, baina proposamena "arrazoizkoa" dela nabarmendu du.
"Garrantzitsuena da sozietate zerga jaistea, eta nahiz eta oraingoan guk nahi ditugun aldaketa guztiak lortu ez, legealdi honetan bete beharrekoa da errentaren gaineko zergaren erreforma ere", adierazi du EAEko PPko presidenteak.
Alde horretatik, Alonsok gogorarazi du PPren helburuen artean dagoela 31.000 euro baino gutxiago irabazten duten langileek ordaindu beharreko zergak murriztea, eta adin txikikoak edo adinekoak euren kargu dituzten familientzako kenkariak handitzea.
PPren beharra dute jeltzale eta sozialistek aurrekontuak onartuko badituzte, eta helburu horrekin jaitsiko dute sozietate zerga %28tik %24ra.
Elkarrekin Podemosen zuzenketa
Enpresen gaineko zerga %28tik %24ra jaisteko EAJk eta PSEk egin duten akordioaren aurka mintzatu dira gaur Elkarrekin Podemos eta EH Bildu. Atzo, EH Bilduk iragarri zuen osoko zuzenketa aurkeztuko diola aurrekontu egitasmoari, eta gaur Elkarrekin Podemosek gauza bera jakinarazi du. Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak esan du osoko zuzenketa aurkeztuko diotela proiektuari, "erantzukizunagatik". Halaber, azken zerga erreforma kritikatu du. Martinezen ustez, jeltzaleen jarrera "etsigarria" bada ere, sozialistena "lotsagarria" da, besteak beste, Jaurlaritzak aurrekontu soziala izateari "uko" egin diotelako.
Bestalde, EH Bildutik Leire Pinedo legebiltzarkideak salatu du ez dela bidezkoa "herritarren botoen %10 dituen alderdi batek" EAEn hainbesteko boterea izatea, eta "kezkagarria" dela PPk hemengo politikak definitzea.