Politika

"Akordiorako esparruak" aurkitu dituzte EH Bilduk eta Ahal Dugu-k

Lehenengo bilera egin dute bi alderdietako ordezkaritzek, Bilbon. Akordio zehatzetara iritsi ez badira ere, politika sozial eta ekonomikoetan gertutasuna sumatu dute bi aldeek.

Ahal Duguren ordezkariak, gaur, bileraren aurretik. LUIS TEJIDO, EFE
gotzon hermosilla
2015eko ekainaren 9a
07:29
Entzun

Bilera egin dute EH Bildu eta Ahal Dugu-ko ordezkaritzek. Lehenengo hartu-emana izan da, baina bi aldeek nabarmendu dute “akordiorako guneak” topatu dituztela politika sozial eta ekonomikoei dagokienez. Arlo horretan, “elkarrekin aritzeko” aukerak daudela adierazi du EH Bilduko Hasier Arraizek, “instituzioetan ez ezik, beste esparru batzuetan ere”, eta pozik agertu da hori dela-eta.

Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Roberto Uriartek nabarmendu du antzekotasunak daudela bi alderdien ikuspegi sozio-ekonomikoan, baina, era berean, bakegintzan eta nazio identitatearen arloan “desberdintasunak” dituztela esan du. Hala ere, “zubiak eraikitzeko” prest agertu da Ahal Dugu-ko ordezkaria.

Beste zenbait konturen artean, Gasteizko egoeraz hitz egin dute bileran. Ahal Dugu-ko ordezkariek zehaztu dute itunen inguruko erabakiak hartzea Gasteizko Hemen Gaude plataformari dagokiola. Arraizek, berriz, esan du “azken momentura arte” saiatuko direla PPko Javier Maroto alkate izenda ez dezaten. “Iraingarria” eta “gasteiztar guztiei aurpegira botatako listua” gisa definitu dute Marotoren azken keinua, arrazakeriaren kontrako ituna proposatuz. “Ez dakigu keinu horrek Andoni Ortuzar konbentzituko duen, baina guri politika zaharraren adierazgarri iruditzen zaigu, erakusten baitu Maroto edozein gauza egiteko prest dagoela karguari eusteko”, esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.