Bizkaiko Foru Aldundiarekin bilera izan dute gaur goizean Bizkaibuseko langile batzordeko kideek. Atzo egun osoa bilduta egon ondoren, segida eman diote gaur, eta sindikatuek aitortu dute alde biek jarrerak hurbildu dituztela. Gaur goizean, ituna lortzeko azken testua eman diote langileek aldundiari. Arratsaldean batzartu dira berriro, eta diputazioak bihar goizean erantzungo die sindikatuei. Hortaz, indarrean jarraitzen du oraingoz greba mugagaberako deialdiak.
Hortaz, gaur arratsaldean zehaztuko da Bizkaibuseko langileen eta aldundiaren artean akordiorik dagoen. Hala bada, bertan behera geratuko lirateke UGT, CCOO, ELA, LAB eta LSB sindikatuek biharko deitua duten egun osoko lanuztea eta astelehenetik aurrerako iragarrita dagoen greba mugagabea.
Iazko udazkenean ere mobilizazioak egin zituzten Bizkaibuseko langileek. Gatazka iazko urriaren 4an amaitu zen, diputazioak eta ELA, UGT, CCOO eta LSB sindikatuek akordioa sinatu zutenean. Akordio hartan aldundiak konpromisoa hartu zuen langileen amortizazioa ez onartzeko eta orduan zeuden lanpostu guztiak mantentzeko. Sindikatuek uste dute diputazioak ez duela bete akordio hori. Eta, horregatik, protestak abiatu zituzten urrian. Hilaren 6tik egiten duten zortzigarren lanuztea dute gaurkoa.