Zortzi urte luze pasatu dira jada haietako gehienak atxilotu zituztela. Orain, martxora arte aritu beharko dute Madrilerako joan-etorrian, auziak beste norabiderik hartzen ez badu, behintzat. Baltasar Garzon epaileak abiatu zuenetik gaurdaino, Euskal Herriko egoera politika goitik behera aldatu duten gertakarien erdian gauzatu da 04/08 sumarioa. Ezker abertzalearen legeztatzea, ETAren jardunaren amaiera... Eta antzeko beste epaiketa batzuk ere egon dira tartean. Hain justu, legez kanporatutako ezker abertzaleko alderdien aurkako azkenengo zigor prozedura izango da honako hau. Kasu honetan, EHAK eta ANV alderdietan aritutako batzuk epaituko dituzte ETArekin lotura dutelakoan.
Epaiketaren berri ematen ari da Jokin Sagarzazu BERRIAko kazetaria Madrildik, eta bertan hitz egin du Pernando Barrena Sortuko bozeramailearekin. Gaur duela 45 urte hasi zen Burgosko epaiketa, eta urteurrena gogoan izan du Barrenak; "Hark suposatu zuen frankismoaren bukaeraren hasiera, eta honek ere epaiketa politikoen bukaera suposatzea nahiko genuke". Barrenak "aukera berri bat irekitzea" espero du, "bakea sendotzeko eta euskal herritarrok erabakitzeko eskubidea izan dezagun".
Auzipetuek elkarretaratzea egin dute epaitegiaren atarian, bertara sartu aurretik. Asteazken iluntzean, hainbat mobilizazio egin zituzten herriz herri auzia salatzeko, eta epaiketa hastearekin batera, Twitter bidez helarazi die babes mezua Frederique Espagnac PSko senatariak Aurore Martin eta Haizpea Abrisketa auzipetuei.
Ce matin j'apporte tout mon soutien à #Aurore Martin et Haizpea Abrisketa dt le procès débute en ce moment à #Madridpic.twitter.com/2N5neJq5Wx
— Frédérique Espagnac (@FEspagnac) December 3, 2015