Hilabete baino gehiago iraun duen auzi saioaren ostean, atzo amaitu zen Jose Maria Bravo Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendari ohiaren aurkako epaiketa, Gipuzkoako Lurralde Auzitegian. Bravok ez zuen azkeneko hitza esateko eskubidea baliatu, eta haren emazte izandako Rosa Cobosek —auzipetuta dago bera ere— bere errugabetasuna defendatu zuen. Fiskalak eta akusazio partikularrak— Gipuzkoako Diputazioak eta Batzar Nagusiek— herenegun aurkeztu zituzten ondorioen txostenak. Bravoren aurka 24 eta 27 urteko espetxe zigorrak eskatu dituzte, hurrenez hurren. Cobosentzat, berriz, sei urte eskatu dituzte. Aldiz, erretiratu egin dute auzipetuta zegoen Pedro Atristainen aurka egindako zigor eskaera. Fiskalak eta akusazio partikularrak nabarmendu dute akusatuen aurka aurkeztutako frogak «argiak eta sendoak» direla.
Besteak beste, funts publikoak bidegabeki erabiltzea eta dirua zuritzea leporatu diete Bravori eta Cobosi. Akusazioen arabera, 90. hamarkadan Gipuzkoako Ogasunean egindako 8 milioi euroko iruzurraren erantzule nagusia da Bravo. Akusazioen arabera, Ogasunarekin zorrak zituzten herritarrei diru kopuru bat eskatzen zien hark, zor hori ordaintzeko gai ez zirela argudiatzeko. Hori egitearen truke, 1,9 milioi euro eskuratu zituen Bravok. Akusazioen arabera, diru hori hainbat enpresaren bitartez zuritu zuen Bravok, Cobosen laguntzarekin.
Atzoko saioan, ondorioen txostena aurkeztu zuen Cobosen defentsak. Haren bezeroaren errugabetasuna defendatu zuen, etaengainatua izan zela iradoki. Akusazioek Cobosi leporatzen diote Bravok Ogasuneko bulegotik poltsikoratutako dirua zuritzea. Cobosek berak onartu egin zuen diru kopuru handiak sartu zituela Irungo bulegoko zuzendari ohiak haien bien kontuetan, baina nabarmendu du ezin zuela «imajinatu» diru hori Ogasunetik zetorrela. Bravok berak Cobosen errugabetasuna defendatu du, eta «mandatari» bat baino ez zela adierazi.
Lehenengo auzi saioetan Jose Maria Bravok aitortu egin zuenGipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendari zenean diru kopuru handiak eskuratu zituela urtean, diru beltzean, higiezinen negozioetan jasotako komisioetatik. Eta azaldu zuen diru hori Ogasunaren aurrean «deigarria izan ez zedin», zergadunek ematen zizkioten txekeak baliatzen zituela, eta, ondoren, zergadunek Ogasunarekin zuten zorra bere diruarekin ordaintzen zuela. Hori hala, poltsikoratutako dirua Ogasunaren kontuetan dagoela adierazi zuen Bravok. «Nabarmena da ez dutela ondo begiratu», esan zuen.
Epaiketako auzi saioetan, baina, parte hartu duten perituek ezin izan dute hori berretsi, eta frogatu egin dute diru hori ez dagoela Gipuzkoako Ogasunean. Lekukoek, berriz, adierazi dute Ogasunarekin zituzten zorrak zuzenean negoziatu zituztela Bravorekin eta esku dirutan ordaintzen zituztela.
Akusazioen arabera, halaber, Bravoren defentsaren estrategiak hutsune handi bat dauka. Inputatua izan aurretik, 2006an, orduko Ogasuneko diputatu Juan Jose Mujikak auzi saio batean aitortu zuen 150.000 euro eskaini zizkiola auzia ezkutatzeko, eta zigor administratiboa jasotzeko prest azaldu zela. Orduko Gipuzkoako Diputazioak, baina, ez zuen neurririk hartu.
Akusazioek diote «froga sendoak» aurkeztu dituztela Bravoren aurka
Fiskalak 24 urte eskatu du Irungo bulegoko zuzendari ohiarentzat, eta sei haren emazte Rosa Cobosentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu