Akusazioek itzulitako txostenetako okerrak banaka erakutsi ditu defentsak

18/98n peritu den ertzainak dio Auzitegi Nazionalera igorritako txostenak ez duela 'Egin' ETArekin lotzen

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2006ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Hainbat astez 18/98 epaiketan peritu gisa aritu diren Espainiako poliziek atzo amaitu zuten auziaren inguruko azalpenak ematen. Poliziek indartsu erantzun zieten akusazioen galderei, «dena da ETA» tesiari eutsita. Defentsaren abokatuen txanda iritsitakoan ordea, kontraesanak izan dira nagusi eta akusazioen hainbat oinarri gezurtatu dituzte poliziek. Akusazioek oinarritzat dituzten dokumentuen itzulpenak akats asko dituztela agerian geratu da azken asteetan. Okerrak are nabarmenago geratu ziren atzo, defentsaren abokatuek hainbat dokumentutako akatsak banan bana erakustean.

Itzulpen okerren zerrenda luzea plazaratu zuten abokatuek adibide gisa. Itzulpena berak egin zuela baieztatu zuen poliziari horien inguruan galdegitean, guztiak ez zituela berak gazteleratu onartu zuen. Eta akats handiak zituzten adibide zehatzei buruz galdegitean, ez zela gogoratzen berak itzulitakoak ote diren erantzun zuen.

Poliziek, «epaimahaia laguntzeko», «ezker abertzaleko kontzeptuei buruzko» hiztegi modukoa egin dute. Itzulpen «bitxiak», epaimahaiburuak berak onartu zuenez. Egizanek «en guardia» (erne) esan nahi du polizien ustez. Ikastaro komunak «servicios escolares» (eskola zerbitzuak edo eskoletako komunak) itzulita dago eta otordua «entrevista» (elkarrizketa).

«Ez zara gogoratzen zuk egin duzun hau?», galdegin zion Angela Murillo epaimahaiburuak poliziari; «gogoratzeko modukoa da, bitxi xamarra baita». Abokatuek, «erakustaldi astuna» egiten ari zirela onartu zuten; «baina egin beharra dugu epaimahaiak jakin dezan zer nolako txostenekin lan egin behar duen».

Eta bada kasu harrigarriagorik ere. Bultza aldizkariaren ale bat frogatzat dute akusazioek. Euskaraz idatzia da. Poliziek, itzulpen zehatza egin ordez, aldizkariaren laburpena egin dute gazteleraz.

Polizien ondoren ertzain bat aritu zen peritu gisa. Egin-en inguruko enpresei buruz Auzitegi Nazionalera txostena bidali zuen ertzaina. «Txosten honetatik ezin da ondorioztatu ETAk enpresa horiei dirurik eman zienik», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.