Ertzaintzak emakume bat atzeman zuen larunbatean Irunen (Gipuzkoa), alaba adingabea prostituziora bultzatzeagatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du kalean adineko gizon bati alaba eskaini ziola prostituziorako. Ertzain batzuek ikusi zuten nola ari ziren hiru andre gizonarekin tratuan, eta 14 urteko neskatoa gizonarekin joan zela. Atzetik segitu zieten poliziek, eta komun batzuetan atzeman zituzten.
Ertzaintzak azaldu du gizonari kontuak eskatu zizkiotela, eta hark aitortu zuela neskatoaren amarekin tratua egin zuela, diru truke ukituak egiteko. Polizia etxera eraman zituzten guztiak, eta ama atxilo hartu zuten, alaba prostituziora bultzatzea egotzita. Epaileak kartzelan sartu du. Alaba, berriz, Gipuzkoako Diputazioaren esku geratu da.
Gizona inputatu egin dute, eta gaur deklaratzekoa zen auzitegian.