Alaba hiltzeaz akusatutako andrea erruduntzat jo dute

Bilboko Atxuri auzoan gertatu zen hilketa, aurtengo urtarrilean. Epaileak idatziko du sententzia; fiskalak espetxe zigor iraunkor berrikusgarria eskatu du emakumearentzat. 

Urtarrilean izan zen hilketa, Atxurin. MIGUEL TOñA / EFE
Maite Asensio Lozano.
2019ko abenduaren 19a
17:44
Entzun

Urtarrilean Bilboko Atxuri auzoan 9 urteko alaba hiltzeaz akusatutako emakumea erruduntzat jo du epaimahaiak. Asteon epaitu dute Bizkaiko Probintzia Auzitegian, ateak itxita; herri epaimahaiak ebatzi du andreak azpikeriaz hil zuela neskatoa. Epaileak erabakiko du zer zigor ezarriko dioten emakumeari; kondenarik altuena eskatu dute harentzat fiskalak eta akusazioek: espetxealdi iraunkor berriskusgarria.

Urtarrilaren 16an agertu zen hilda umea, haren etxeko ohean; alboan zuen ama konorterik gabe —40 urte zituen orduan—, eta agur ohar bat utzia zuen. Botikak hartuta zeuden biak. Neskatoaren ahizpa zaharrak aurkitu zituen, eta larrialdi zerbitzuek ama salbatzea lortu zuten.

Perituek epaiketan azaldu dutenez, botikek hil zuten haurra, eta autopsiak agerian utzi du aurreko hiru hilabeteetan ere halako substantziak hartu zituela edo eman zizkiotela; halere, autopsiak ez du argitu norbaitek umea ito zuen ala ez.

Defentsak absoluzioa eskatua zuen; haren tesien arabera, etxean sartu zen gizon ezezagun batek derrigortuta jardun zen ama: alaba hiltzera eta ondoren bere buruaz beste egitera behartu zuen, baita agur oharra idaztera ere —amaren hatz markarik ez dute aurkitu bertan—. Perituek ez diote sinesgarritasunik eman andrearen kontakizun horri. Edonola ere, defentsak argudiatu du inork ez duela azaldu zergatik hil zuen amak alaba.

Fiskaltzak, herri akusazioak eta akusazio partikularrak, ordea, defendatu dute amak hil zuela alaba; tesi hori ontzat jo du herri epaimahaiak, eta azpikeriaren larrigarria ezarri dio. Epaileak datozen egunetan idatziko du sententzia, eta bertan adieraziko du zer zigor jarriko dioten emakumeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.