"Guraso gisa, gure alabari ematen ari zaizkion tratua eta heziketa zaintzeko obligazioa dugu, eta horregatik eskatzen dizugu gure eskaerari arreta jartzeko, uler dezazun elkar ulertzeko gogoz gaudela, eta, gure esku dagoen heinean, saihestu nahi dugula dagoeneko gainezka dagoen justizia sistemara jo beharra, batez ere horrek egoera luzatu besterik ez lukeelako egingo". Abisua Zangozako Bigarren Hekuntzako Sierra de Leyre Institutuko zuzendariari egin diote. Eskola horretako guraso bat da sinatzailea, eta, zehazki, eskatzen du eman diezaiotela alabari gorputz heziketara ez joateko baimena, argudiatuta eskola "eremu ez-euskaldunean" egonik ere irakasleek ikaslea "derrigortu" nahi dutela herri kirolen euskarazko izenak eta haien esanahiak ikastera.
"Eskatzen dut ez dezatela nire alaba behartu proba hori egitera, eta gauza bera egin dezatela Zangozan —eremu ez-euskaldunean— jaio eta bizi garen nafarron izaeraren aurkako ekintza guztiekin", dio gutunak. Gurasoak "atzerriko hizkuntzatzat" du euskara, eta zehazten du euren alabak dagoeneko badakiela frantsesez eta ingelesez hitz egiten, eta "atzerriko hizkuntza gehiago" ikastea balitz helburua "horretarako egokiagoa den eskola batean" matrikulatuko luketela.
Azkenik, ohartarazten dio zuzendaritzari beti saiatu izan direla alaba "politika orotatik urrun" edukitzen, eta ez dutela onartuko "soilik irakaskuntzarekin lotuta beharko lukeen ekintza batean eskola denbora baliatzea heziketa akademikoarekin zerikusirik ez duten ideologiak, ohiturak eta doktrinatzeak sustatzeko".