Atentatuak

Alacanteko leherketetan zauritutako hamar lagunetatik bi larri daude

Guztira hamar lagun zauritu dituzte gaur eguerdian Herri Katalanetan, Alacanten, lehertu diren bi bonbek. Alacant hiriburuan eguerdi-eguerdian eztanda egin du aurrenekoak: PPko egoitzatik hurbil dagoen Residencia Bahia hotelean. Ondoko etxe batean, atzerritarrentzako gaztelerazko eskolak ematen dituzten akademia batean, zeuden sei lagun zauritu dira leherketa horretan; haietatik bi larri. Bigarren eztanda 12:15 inguruan izan da, Benidormeko Nadal hotelean. Espainiako Poliziako lau kide arin zauritu ditu leherketa horrek.

2003ko uztailaren 22a
18:30
Entzun
Larri zauriatu diren bi lagun horietako bat "oso larri eta hil ala biziko egoeran" dagoela zehaztu dute Alacanteko Ospital Nagusiko iturriek. Herbereetako gazte horrek burmuineko traumatismoa du eta ebakuntza egiteko zain daude. Larri dagoen bestea alemaniarra da, eta erietxe berean dago ingresatuta. Gainerako guztiak gaur bertan etxera joateko moduan izango direla jakinarazi dute Valentziako Gobernuko Osasun saileko iturriek.

ETAren izeneanhots egin duen lagun baten deia jaso dute goizeko hamaikak aldera 'Gara' egunkarian. Pertsona horrek azaldu duenez, lehergailu bana jarri dituzte Herri Katalanetako bi hiri horietako hotel banatan.

Halaber, lehergailu biek 12:30ean egingo zutela eztanda iragarri du `Gara'-ra deitu duen lagunak, baina antza, iragarri baino lehenago zartatu dira. Alancanten bonba bat lehertu da eguerdiko 12:00etan,eta, esan bezala,sei lagun zauritu ditu. Benidormeko leherketan, berriz, Espainiako Poliziako lau kide zauritu direla azaldu dute Espainiako Gobernuak Alacanten duen ordezkaritzako iturriek. Alacanteko Residencia Bahia hotelean, gela batean, matela baten barruan, jarri dute lehergailua.

Urte sasoi honetan milaka turista izaten da bai Benidormen, bai Alacanten.

Acebesen arabera, arriskua areagotzeko "bonba-tranpak" ziren

Angel Acebes Espainiako Barne ministroaren arabera, ETAk Alacanten eta Benidormen jarritako bi lehergailuak "bonba-tranpak" ziren, eta atentatu horien helburua polizien, hoteleko turisten eta biztanleen arriskua areagotzea zela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.