KONPONBIDEARI BEGIRA

Alain Juppe: "Bake prozesuaren testuinguruan elkarrizketarako oso zabalik nago"

Frantziako zentro-eskuineko hautagaia izateko primarioetan da Juppe. Euskararen inguruan, argi hitz egin du: "Ez naiz koofizialtasunaren aldekoa".

Alain Juppe, Errepublikanoen primarioetako eztabaida batean. MARTIN BUR/POOL / EFE
2016ko urriaren 21a
13:46
Entzun

Frantziako presidentetzarako 2017ko hauteskundeetan zentro-eskuinaren hautagaia izateko bidean da Alain Juppe, eta kanpaina egiten izango da asteburuan Baionan, Ziburun eta Miarritzen. Mediabask-ek eginiko elkarrizketan, Juppe Euskal Herriko bake prozesuaren alde agertu da: "Poztu nintzen indarkeria amaitzeaz (...). Hortik aurrera, elkarrizketak eta bakeak gure lurralde bakoitzaren berezitasuna errespetatzen duten harreman berriak eraikitzea ahalbidetzen dute". Frantziako presidente izango balitz, "nahi duen ororekin elkarrizketarako oso zabalik" legokeela azaldu du.

Presoen auzian, berriz, gerturatzearen alde azaldu da: "Preso korsikarrak gerturatzearen aldeko posizioa hartu dut, eta ez dut jarrera ezberdina izango Euskal Herrian".

Hizkuntzaren inguruan ere mintzatu da Juppe: "[Frantziako] Konstituzioa argia da; Errepublikaren hizkuntza frantsesa da". Gaineratu du "erregioetako hizkuntzentzat lekua" dagoela eta horiek irakatsiak eta mintzatuak izan behar direla bizirik iraun dezaten. Korsikerari buruz esandakoak euskarara luzatu ditu: "Ez naiz independentista korsikarrek eskatzen duten koofizialtasunaren aldekoa. Ez dago bi hizkuntza ofizialik Frantzian; bakarra dago, frantsesa".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.