Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualde berriko lehen batzarra egin dute gaur goizean Bordelen (Okzitania). Eskualde handiko 183 hautetsiak elkartu dira bertan, eta presidentea hautatzea izan dute lehenbiziko lana. Aldeko 108 bozekin Alain Rousset sozialista izendatu dute Akitania handiko presidente. Haren parean zuen Fronte Nazionaleko (FN) Jacques Colombier: 29 kontseilarik bozkatu dute. 46 boz izan dira zuriak edo baliogabeak.
Errepublikanoak alderdiko Virginie Calmels ez da aurkeztu presidente izateko hautagaitzara, eta zentro-eskuinak ez du hautagairik izan, beraz. Eskuineko zerrendan aurkezturiko hautetsi batek Rousseten alde bozkatu duela pentsa daiteke, halere. Izan ere, 107 eserleku ditu ezkerreko batasunak, eta boto bat gehiago eskuratu du Roussetek: 108. Eskuineko gainontzeko hautetsiek zuri edo baliogabe bozkatu dute.
183 hautetsi izanen ditu Akitaniako eskualde berriak. Horietatik hamar euskal herritarrak dira: FNko bat, eskuineko hiru eta ezkerreko sei —horien artean, Alice Leiziagezahar ekologista eta Andde Sainte Marie abertzalea—.
Eskualdearen izena
Lurralde erreformaren ondotik handitu egin dira Frantziako eskualdeak, eta horren adibide da Akitania handia ere: lehengo Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes eskualdeak elkartzen ditu egitura berriak. Behin-behinean hiru eskualde zaharren izenak batuta erabiltzen dituzten arren, eskualde berriaren izena ere erabaki beharko dute gaurko batzarrean.