gizartea

'Alakrana' atunontziko zazpi euskal herritarrak etxean dira

2009ko azaroaren 21a
20:57
Entzun
Atzo 07:30 zirela -04:30 Euskal Herrian- iritsi ziren Bermeoko atunontziko 36 arrantzaleak Seychelle uharteko victoria portura eta gaur 10:30ean Loiuko aireportura iritsi dira zazpi euskal herritarrak, asteartean Indiako Ozeanoan aske geratu ondotik. Pozik agertu dira guztiak elkar besarkartuz. Ez dute komunikabideen aurrean adierazpenik egin. Argi Galbarriatu Alakrana-ko kapitainaren arrebak adierazi duenez, "nekatuta eta gogotsu daude eta orain nahi dutena lasaitasuna" da.

Bizkaiko Bermeo, Sestao, Ondarroa, Mundaka eta Santurtzikoak dira zazpi marinelak. Haien herrietan ez diete harrerarik egingo, arrantzaleek nahiago dutelako "ongi etorria intimoagoa" izatea.

47 egun egin zituen Alakrana-k piratek bahituta eta, zabaldu denez, 2,7 milioi euro ordaindu ditu erreskateagatik Espainiako Gobernuak. Hala ere, Maria Teresa Fernandez de la Vega Espainiako Gobernuko presidenteordeak "Espainiak ez duela bahisaririk ordaindu" berretsi du.

Horren harira, bahiketaren nondik norakoak ikertzen ari den Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak datorren asteartean hartuko die deklarazioa euskal marinelei. Gernikako (Bizkaia) epaitegian hartuko ditu arrantzaleak, 10:30etik aurrera.

Bestalde, atzo Ricardo Blanch patroiak tratu txarrak salatu zituen bahituta egon diren 47 egunetan. "Tratu txarrak eman dizkigute, niri gehien. Sendoago nengoela ikusten zutenez, jo eta lotu egiten ninduten behea jo nezan". Une batzuetan hilko zuten beldur ere izan zela azaldu zuen Blanchek. "Nire bizitzako esperientziarik okerrena izan da". Bahiketa baino lehen patroi gisa hau bere azken bidaia zela eta erretiroa hartuko duela erabakia zuela jakinarazi zuen, halaber.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.