gizartea

'Alakrana'-ren bahiketa bukatzeko aldarrikatzeko bilkura egingo dute etzi, Bermeon, bost udalek deituta

12:00etan izango da elkarretaratzea, 'Gure arrantzaleak askatu' lelopean. Atunontziko marinelei, horien senideei eta enpresari elkartasuna adierazi nahi diete, halaber. Jaurlaritzak "erabilpen politikotzat" jo du. Negoziatzaileek diote bahituak "ondo" daudela eta afera amaitzeko pausoak "bide onetik" doazela.

2009ko urriaren 21a
18:09
Entzun
Xabier Legarreta Bermeoko alkateak (Bizkaia) jakinarazi du etzi ordu laurdeneko bilkura egingo dutela herrian bertan, Alakrana atunontziaren bahiketa bukatzeko eskatzeko eta ontziko marinelei, horien senideei eta enpresari elkartasuna adierazteko asmoz. Gure arrantzaleak askatu lelopean izango da, 12:00etatik aurrera, Sabino Arana enparantzan, udaletxe aurrean. "Egoerarekin ez gaude", adierazi du gaur Legarretak.

Bermeokoaz gain, Alakrana-ko gainerako euskal arrantzaleen udalak ere batuko dira deialdira; Santurtzikoa, Sestaokoa, Ondarroakoa eta Mundakakoa (Bizkaia). 36 lagunek osatzen dute tripulazioa, eta haietatik zazpi euskal herritarrak dira.

Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuak kritikatu egin du bilkura antolatu izana, "familien minaren erabilpen politikoa" egingo dutelakoan bost udal haiek.

Urriaren 2an Indiako Ozenoan bahitu zuten Alakrana, piratek, Somaliatik 375 miliara, eta ontziko kideak libre uzteko 2,7 milioi euro eskatu dituzte bahitzaileek. Espainiako Gobernua ari da piratekin negoziatzen.

Euskal arrantzaleen senideek bahiketari buruzko "informazio gehiago" eskatu zuten atzo. "Egoera jasanezina da".

Efe berri agentziak gaur esan duenez, negoziatzaileek diote bahituak "ondo" daudela eta afera bukatzeko elkarrizketak "bide onetik" doazela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.