Alarde mistoaren ibilbidea aldatzea onetsi du EAEko Auzitegi Nagusiak

Agindutako bidetik entseatuko du gaurtik Jaizkibelek Hondarribian; alardeko egunera begira helegitea jarriko dute

Jaizkibel konpainiak aste honetan egindako agerraldia. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Hondarribiko (Gipuzkoa) alarde mistoaren ibilbide nahiz ordutegi aldaketaren aurka Jaizkibel konpainiak jarritako helegitea. Autoak dio ibilbidea eta ordutegia aldatuz ez dela atzeraezinezko kalterik eragiten, eta Herrizaingo Sailak ez duela Jaizkibel konpainiaren eskubiderik urratzen moldaketekin. «Ekitaldia ez da debekatzen, eta ezarritako aldaketak ezin daitezke funtsezkotzat jo. Beraz, ez dago erabakia bertan behera uzteko arrazoirik». Autoa ez da irmoa, eta emakumeak soldadu gisa onartzen dituen konpainiak bost egun ditu helegitea aurkezteko. Konpainiak errespetatu egingo du entseguen inguruko erabakia—gaur dute lehena— baina astelehenean helegitea jarriko du desfile egunean Gernikako Arbola parke albotik igarotzeko debekuaren kontra.

Auzitegiak, beraz, ontzat eman ditu Herrizaingo Sailak alarde mistoan proposatutako aldaketak. Horren arabera, Jaizkibelgo kideak ezingo dira San Pedro kaletik igaro astelehenera bitarte egingo dituzten entseguetan. Hilaren 8ko desfilean, gainera, Harresilanda kaletik igarotzea debekatu diete, GernikakoArbola Parke Ingurutik.

San Pedro kalea Hondarribiko kale nagusietakoa da, eta jende asko egon ohi da. Gainera, aurtengo Jaizkibel konpainiako kantinera—Aiora Mitxelena—kale horretakoa da. Handik igaro beharrean, ondoko kaletik, Zuloagatik, igarotzeko agintzen die Herrizaingo Sailaren ebazpenak.

Arma plazan deskarga egin, eta Kale Nagusia zeharkatu ostean, aldiz, Gernikako Arbolatik igarotzen da Jaizkibel konpainia. Sainduan amaitzen dute desfilea. Bi alardeek elkar topo egiten duten gune bakarra da Gernikako Arbola parke ingurua, emakumeak soldadu gisa onartzen ez dituzten konpainien desfilea irteteko zain egoten baita.

Autoak Herrizaingo Sailak moldaketak egiteko erabilitako argudioak aipatzen ditu. Entseguko aldaketak «jendetza handia dagoen kale batean bi alardeak bat egin ez dezaten» egin ditu, eta desfilearen kasuan bi alardeek elkar topo egin ez dezaten. «Hala, aurreko urteetan izandako tentsio egoerak nahiz ordena publikoaren nahasteak saihestuko lirateke». Ebazpena abuztuaren 25ean Hondarribiko udaltzainburuak egindako txosten batean oinarritzen da. Orain lau urte Ertzaintzak egindako txosten bat ere aipatzen da; horretan esaten zen bi alardeak bateraezinak zirela, eta ibilbideak eta ordutegiak aldatzea ezinbestekoa zela. Lau urte hauetan, ordea, ez dute egin.

Fiskalak ere bere egiten ditu argudio horiek, eta gainera, nabarmentzen du helegitean Jaizkibel konpainiak ez dituela ibilbidea aldatuz eragiten zaizkion kalteak arrazoitzen. Ginera, proposatzen diren aldaketak «unean unekoak» direla iritzi dio.

Autoak dio aldaketak ez dutela «funtsezko» berritasunik eragiten alarde mistoan. «Eguneko ordu nagusietan, eta herriko kale esanguratsuenetatik egiten jarraituko dute. Beraz, ez da helegitea jarri duen erakundearen oinarrizko eskubiderik urratzen».

Gainera, azken urteetan gutxiago izan direla onartu arren, autoan aipatzen dute oraindik ere istiluak izateko arriskua dagoela. «Horrekin bakarrik arrazoitu egiten dira ibilbidearen nahiz ordutegiaren aldaketak».

Jaizkibelen erantzuna

Jaizkibel konpainiako kideek batzarra egin zuten atzo arratsaldean autoaren aurrean zer egin erabakitzeko. Entseguetan San Pedro kaletik igarotzeko debekuabetetzea adostu dute, nahiz eta «oso haserre» dauden erabakiarekin. «Ordutegiarena hasieratik onartu genuen. Iaz, gure kabuz irten ginen bost minutu lehenago. Baina ibilbide aldaketarena onartezina da», nabarmendu zuen Eli Olaskoaga konpainiako kideak. Entseatzeko duten denbora guztia «ahalik eta ondoen» aprobetxatuko dutela berretsi du, eta gaurko dei egin diete beren alde dauden herritar guztiei, txapel gorria eta kolorezko zapiarekin bertaratzeko. Bestalde, astelehenean helegitea jarriko dute, desfile egunean Gernikako Arbola parke ingurutik igarotzeko debekuaren aurka.

Jaizkibel konpainiak hasieratik salatu zuen erabakia. Haien ustez, «bidegabea eta onartezina» da. Herrizaingo Sailari eta Hondarribiko Udalari iraganeko «bazterketara eta konfrontaziora» itzuli nahi izatea leporatu diete. Baina ez daude hori bere egiteko prest. «Ez duguutziko arazorik ez dagoen tokian beldurra sor dezaten; elkarbizitza dagoen lekuan liskarra izatea. Azken urteetan jaso dugun babesaren aurrean, udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren azken kasketa da. Hamabost urte egin nahi dute atzera».

EAJren eta PSE-EEren jarrera «atzerakoia» kritikatu dute. Horren aurrean, arduraz jokatzeko eskatu diete politikariei, eta «behingoz» Berdintasun Legea bete dezaten.

Bilgune Feminista, Bildu eta Aralar ibilbide aldaketaren aurka azaldu dira azken egunetan, eta berdintasuna lortzeko bidean «atzerapausoa» dela esan dute. Gainera, nabarmendu dute «aitzakia» hutsa direla Herrizaingo Sailak alarde mistoaren ibilbidea aldatzeko emandako argudioak. Haien arabera, helburua alarde egunean emakumeak «ikusezin» egitea da. Gainera, gogorarazi dute azken urteetan giroa «normaltzen» ari zela Hondarribian, eta erabakiak ez duela etorkizunean hala izan dadin laguntzen.

Aralarrek berak eskatu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek, Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek eta Jaizkibel konpainiako kideek legebiltzarrean azalpenak emateko. Bilgune Feministak, batik bat, gogor kritikatu du Emakundek Herrizaingo Sailaren argudioak onartu izana; «sinestezina» egin zaie erabakia babestea

Hirurek dei egin diete herritarrei Hondarribira joan eta desfilearen egunean Jaizkibel konpainiari babesa azaltzeko. Gainera, jaietan berdintasuna sustatzen jarraitzeko duten konpromisoa berretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.