Alardea igarota, "gezurrak" desegiteko ordua dela uste du fundazioak. Salatu du EAEko Arartekoak, Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatutako "triunbiratuak" abian jarri duela "marketin politikoko kanpaina zaharkitu" bat, alardearen inguruko inkesta bat oinarritzat hartuz.
Horren arabera, alarde baztertzailearen aldekoak %42 dira Hondarribian, emakumeen parte hartzearen zaleak adina. Datu hori, baina, ukatu egin du Alardea fundazioak: "Ez da egia egun duten alardearekiko ezberdina den beste alarde bat nahi dutenik herritarren gehienek". Herritarrek "une oro" nahi izan duten bezala ospatu dutela argudiatu du fundazioak, eta hori ez dutela "guztiz" ulertu egotzi die hiru erakunde publikoei.
"Alardea ez da festa bat, ezta danborrada bat edo erromeria bat ere... Hondarribiko Alardea eskertza eta oroimen ekitaldi bat da. Fede oneko hondarribiar orok ulertzen duena. Erlijiosoa eta zibila gainditzen duen sentimendua da. Herri bat da", azaldu du.
Gatazkarik ez dela gaineratu du fundazioak: "Aipatzen den gatazka bakarra da alardea ulertzeko eta antolatzeko era bat guri inposatzea ez uztea". Erakunde horiei eskatu diete ez babesteko "probokazioa beste helbururik ez duten manifestazioak".