Irungo Udalak, beste urtebetez jarraian, bizkarra eman zien atzo San Martzial egunean alarde mistoan parte hartu zuten gizon eta emakumeei. Ez zion harrerarik egin, eta, gainera, udaltzainek emakumeen parte-hartzearen aldeko pankarta bortizki kendu zuten udaletxeko balkoitik.
Azken 10 urteotan gertatu den bezala, bi alardeek desfilatu zuten atzo Irungo kaleetatik. Emakume soldadurik onartzen ez duen alardea izan zen abiatzen lehena, Udalaren baimenarekin. Ordu erdiz aurreratu behar izan zuen bere hasiera, EAEko Justizia Auzitegiak kaleratutako epaiaren ondorioz. Txalo artean hasi zuen bere bidea eta halaxe jarraitu zuen ibilbide osoan. 8.000 gizonezkok eta 20 emakumek kantinerakdesfilatu zuten, 19 guda-taldetan banatuta. Desfilekoak San Juan plazara heldu zirenean, udalbatza osoa zain zuten udaletxeko balkoian, Jose Antonio Santano alkatea erdi-erdian. Legez, udal ordezkariek debekatua dute emakumeak baztertzen diren ekitaldietan parte hartzea. Hala dio behintzat Berdintasunerako Legearen 25.2 artikuluak.
Pankarta jarri ezinik
Ohikoak diren hiru deskargak egin eta hamarrak aldera utzi zuten San Juan plaza tradizionalek. Plaza hustearekin bat, hustu zen udaletxeko balkoia. Aurretik egondako alkateak eta PSE-EE, EAJ eta PPko zinegotziek utzitako lekua hartu zuten ondoren Irungo EB eta Irun Herria-ko zinegotziek eta beste hainbat ordezkari instituzionalek; besteak beste, Iñigo Lamarca EAEko arartekoak, Txaro Arteaga Emakundeko zuzendariak eta Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak. Urdanibia plazatik abiatu berri zen alarde ez diskriminatzaileari harrera egiteko igo ziren udaletxeko balkoira. Han ziren Bilgune Feministako kideak ere.
Hamar taldetan banatuta sartu ziren plazara alarde mistoan parte hartu zuten 1.000 gizonak eta emakumeak. Aurtengoa inoizko alarde handiena izan da. Orain 10 urte 57 baino ez ziren.10 urte igaro dira emakumeek alardean gizonen pare parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatu eta emakumeak alardean parte hartzen hasi zirenetik. Urtemuga hori ospatu eta aldarrikapen hori oraindik bizi-bizi dagoela gogoratu asmoz, Bidasoaldeako Emakumeak taldeko kideak udaletxeko balkoira igo eta Emakumeak alardean, 10 alarde zioen pankarta jartzen saiatu ziren. Gutxi iraun zuen, ordea, pankartak. Udaltzainak berehala igo eta modu bortitzean, inolako azalpenik eman gabe, emakumeak bultzatzen eta pankarta kentzen hasi zirelako, udaletxeko plazan zeuden guztien txistu, danbor eta eskopeta tiro hotsen artean. Une horretan Lamarcak eta Arteagak izandako jarrera salatu zuen Bilgune Feministak: «Ez dute ezer egin eta erabateko pasibitatea erakutsi dute». Lamarcak berak ere balkoian gertatutakoaz hitz egin zuen: «Emakumeen eskubideen aldeko aldarria zenez, polita izango zen aldarrikapen hori udaletxearen fatxadan agertzea». Txaro Arteagarentzat, ordea, halako ekimenak tokiz kanpo daude. Bere esanetan, lehenagotik ere nahiko istilu badago eta halakoak «protagonismoa» nahi duten lau pertsonek baino ez dituzte egiten.
Ezker Batuko zinegotziaren eta Irun Herria plataformako kideen eskutik hartu zuten Irungo bandera alarde mistokoek, udaletxeko arkupeetan. 11:45 inguruan hasi ziren udaletxe plazatik irteten, Gora San Martzial! Gora Irun! eta Gora emakumeak alardean! oihuak bota eta gero. Junkal plazara hartu zuten gero, eta, handik Kale Nagusira. Han, azken urteetan bezala, alarde baztertzailearen aldekoen erasoa jasan zuten, mistoa ustez zaintzen ari ziren ertzainek ezertxo ere egin ez zuten bitartean. Nolanahi ere, jai giroan amaitzea lortu zuten eta oso pozik zeuden guztiak, alardea amaitu zuutenean.
ALARDEAK. IRUNGO ALARDEA. Udalaren ukoa emakumeei
Udalaren babesik gabe desfilatu du alarde mistoak eta, ohi bezala, irain sexistak eta erasoak jasan dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu