Espainiako Kongresuak onartu egin du gobernuak ezarritako alarma egoera beste hilabetez luzatzea. Osasun arazoak argudiatuz aire kontrolatzaileek lanari utzi ziotela-eta sortutako anabasari aurre egiteko ezarri zen alarma egoera, hilaren 4an. Atzo bozkatu zuten luzatzeko proposamena. 180 diputatuk alde bozkatu zuten, 131 abstenitu egin ziren eta 5ek aurka bozkatu zuten. Urtarrilaren 15era arte luzatuko da egoera.
Ramon Jauregi Presidentetza ministroak alarma egoera luzatzeko proposamenaren alde egin zuen: «Alarma egoera ezartzera behartu gintuzten arrazoi berdinek eraman gaituzte luzapena eskatzera. Kontrolatzaileen xantaia ahalbidetu zuten baldintzek irauten duten bitartean, alarma egoera mantendu behar da». Gainera, aitortu zuen konpondu gabe jarraitzen duten arazoak daudela, eta aire nabigazioan normaltasuna ez dela erabatekoa.
Jauregik ukatu egin zuen aire kontrolatzaileen militarizazioak eragina duela lan hitzarmenaren negoziazioan. «Haien eskubideak ukitu gabe daude, askatasun sindikala, negoziazio kolektiboa eta adierazpen askatasuna barne».
EAJk alarma egoera luzatzearen alde bozkatu zuen. Jose Ramon Beloki diputatuak gogorarazi zuen egoera «oso larria» dela. Dena den, gertatutakoa Espainiako Gobernuaren «porrot politikoa» izan zela nabarmendu zuen. «Urteetan aire kontrolatzaileei lan pribilegio batzuk emateagatik eta uzteagatik sortu da egoera hau». Uxue Barkos NaBaiko parlamentariak, haatik, luzapena kritikatu, eta aurka bozkatu zuen: «Salagarria da aire kontrolatzaileen militarizaziora jo behar izatea arazoa konpontzeko. Garai politiko txarrenak ekartzen ditu gogora».
PPk zer egingo zuen zen atzoko zalantza nagusia. Azkenean, abstenitu egin zen. «Gobernuakagintearen mozorroa jarri du neurri honekin, duen gaitasun eza estaltzeko», nabarmendu zuen Soraya Saenz de Santamaria bozeramaileak. Gainera, hamahiru egun hauetan arazoa konpondu ez izana salatu zuen. «Irtenbideren bat bilatu beharrean, egoera konpontzeko gaitasuna, agintea eta denbora galtzen joan da».
CIUko Pere Maciasek gogorarazi zuen lehentasuna zirkulazio askatasuna bermatzea izan behar duela eta horregatik bozkatu zutela luzatzearen alde: «Dena den, ez dugu beste luzapen edo ezohiko neurririk babestuko. Beraz, urtarrilaren 15a baino lehen egoera konpontzeko eskatzen diogu gobernuari». CCk ere eskari berdina egin zion.
ERCk, IUk, BNGk eta ICVk aurka bozkatu zuten. «Oso aurrekari arriskutsua da, beste lan gatazka batzuk neurri berdinekin konpontzeko aukera ematen baitu», adierazi zuen ERCko parlamentari Joan Ridaok.
USCA aireko kontrolatzaileen sindikatuak, bestalde, idatzi bat aurkeztu zuen atzo Espainiako Kongresuan. Bertan, eskaintzen duten zerbitzua bermatzeko konpromisoa adierazi zuten kontrolatzaileen %90ek. «Honekin lan gatazka hau konpontzeko dugun konpromisoa erakutsi nahi dugu, eta ez dela beharrezkoa alarma egoera luzatzea. Orain, jendeak azter dezala zein den alde baten eta bestearen borondatea», adierazi zuen Cesar Cabo bozeramaileak. Gainera, berriro ere barkamena eskatu zien kaltetutakoei lanuzteengatik.
Alarma egoera luzatzea onartu du Espainiako Kongresuak
EAJk alarma egora luzatzearen alde bozkatu du, eta NaBaik, aurka; urtarrilaren 15era arte iraungo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu