Alarma egoeraren ostean neurriak ezartzen jarraitu ahal izateko bermea eskatu dute Otegik eta Ortuzarrek

«Eskubideak mugatzen» baditu ere, alarma egoera mantentzeko eskatu du Otegik; «bitarteko ibilbide» bat Ortuzarrek.

Emakume bat  maskara janzteko betebeharraz ohartarazten duen kartel baten ondoan, Azpeitian. JON URBE/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 13a
16:07
Entzun

Maiatzaren 9a ate joka dago, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ezarritako alarma egoeraren azken eguna, eta kezka dago zer gertatuko den horren ostean. Hain zuzen ere, pandemiaren aurka neurriak ezartzen jarraitu ahal izateko, alarma egoera luzatzearen alde agertu da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea; Espainiako Gobernuak ezarritako lege esparru hori «gustuko ez» duela adierazi badu ere, beharrezkoa dela esan du. Bide beretik mintzatu da Andoni Ortuzar EAJko EBBko burua, «bitarteko irtenbide» bat eskatu baitie Espainiako Diputatuen Kongresuko ordezkariei; egun horretatik aurrera neurriak mantendu ahal izateko baliabideak nahi ditu.

«Alarma egoerek oinarrizko eskubideak murrizten dituzte», adierazi du bere kezka Otegik; baina osasun egoera larria bada horiek ematen duten lege esparrua erabiltzearen alde agertu da, egungo kasuan bezalaxe. Azpimarratu du Euskal Herriko «egiturazko arazoa» subiranotasun falta dela, eta alarma egoerarik ezean ez duela behar diren neurri guztiak ezartzeko segurtasun juridikorik. Horiek horrela, Madrilek alarma egoera luzatu beharko lukeela iritzi dio: «Ez Madrilek alarma egoera ezartzea nahi dugulako, alarma egoerarik gabe ez genukeelako izango baliabiderik zenbait neurri hartzeko». Era berean, kritiko azaldu da Eusko Jaurlaritza garatze bidean dagoen pandemiaren kontrako legearekin; neurriak mantentzen direla bermatzeko balioko ez duela iritzi dio, Eusko Jaurlaritza «ez baita subiranoa erabakiak hartzeko».

Ortuzarrek, berriz, «bitarteko irtenbide» bat eskatu die Espainiako Diputatuen Kongresuko ordezkariei, neurriak hartzeko behar duten "legezko segurtasuna" bermatu ahal izateko. «Konponbide politiko bat bilatu beharko litzateke maiatzaren 9tik aurrera eta taldeko immunitatea lortu arte», adierazi du. Gehitu du pandemiaren kontrako legea ez dela prest egongo ekainaren erdira edo amaierara arte, eta hori martxan egon bitartean Madrilek baliabideak jartzearen garrantzia azpimarratu du: «Bitarteko neurririk egon ezean, aldi hori kudeatzea oso zaila izango da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.