Nafarroa

Albaren dimisioa eskatu du Nafarroako Parlamentuak

Testu bat onartu dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak: Espainiako ordezkariaren jarrera salatu, eta elkartasuna adierazi diote Mikel Zabalzaren familiari. Bide batez, babesa agertu diote Agoizko Udalari.

Agoizko plaza dagoen murala ezabatzeko agindu du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRES
2016ko maiatzaren 16a
13:15
Entzun

"Nafarroako Parlamentuak aho batez gaitzesten du Espainiago Gobernuko ordezkari Carmen Albaren jokabidea, eta argi uzten du beste behin haren asmoa tortura salaketa isilarazi eta kriminalizatzea dela", dio parlamentuak onartutako testuak. Adierazpena babestu dute Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak; abstenitu egin da PSN; eta kontra bozkatu dute UPNk eta PPNk.

Testuak, Albaren jokabidea gaitzesteaz gain, ordea, haren dimisioa ere eskatzen du, eta elkartasuna adierazten die bai Mikel Zabalzaren sendiari eta baita Agoizko Udalari ere. Izan ere, Espainiako Gobernuko ordezkariak Agoizko plazan Mikel Zabalzaren omenez margotutako murala kentzeko agindu zuen joan zen astean, argudiatuta Auzitegi Nazionalak behartu egiten duela "ETA erakunde terroristarekin erlazionatutako sinbolo oro" ezabatzera. Handik gutxira, ordea, esandakoa zuzendu eta ukatu zuen haren asmoa Zabalza ETArekin lotzea izan zela, eta nabarmendu du "arazoa" muralean irakur zitezkeen aztnugal eta tortura hitzak zirela.

Zuzenketa

EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek nabarmendu du muralaren auziak balio izan duela Espainiak "aitor" dezan ez dagoela harremanik Mikel Zabalza eta ETAren artean. Harekin bat etorri da Geroa Baiko Koldo Martinez ere: "Ez da inola ere bidezkoa Mikel Zabalza ETArekin lotzea. Eta indarkeriaren beste biktima ororekin egiten dugun moduan, oraingoan ere elkartasuna helarazi nahi diogu haren familiari".

Aldiz, UPNko eledun Javier Esparzaren iritziz, Espainiako Gobernuak argitua du Zabalza eta ETAren artean ez dagoela loturarik. "Adierazpen honekin nabarmendu nahi dutena da biktima bakarrak ezker abertzalearenak direla, eta ez dagoela besterik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.