Albert Faba (soziologoa): "Katalunian katalanak babes handiagoa du"

UEU Udako Euskal Unibertsitateak euskararen erabilerak eta ezagutzak azken urteetan izandako bilakaeraren inguruko ikastaroak antolatu ditu, eta han izan dira Iñaki Iurrebaso eta Albert Faba soziologoak. Euskarak 1991tik hona izan duen bilakaera izan dute hizpide.

2012ko uztailaren 17a
17:07
Entzun

Albert Faba soziologoak Kataluniako eta Euskal Herriko datuak alderatu ditu. Fabare esanetan katalanak euskararen aldean indar politikoen babes handiagoa du: "Kataluniako administrazio publikoak funtsezkotzat dauka katalana; pisu handia ematen dio hizkuntza politikari".

Ofercat eta Euskaini ikerketak izan ditu tesiaren oinarri soziologo kataluniarrak; hain zuzen, administrazioa, ekonomia, hedabideak edota hezkuntza kontuan hartzen dituzten azterketak. Euskarak eta katalanak hiztunak erakartzeko gaitasun handia dutela esan du, baina hiztun horiek ez direla eremu guztietan zabaltzen. Hala, Herrialde Katalanetan valentziarrak hotzago agertzen dira hizkuntzari dagokionean Katalunia edo Andorran baino. Eta, Euskal Herrian, Nafarroako eremu erdaldunak egoera berean dirau.

Iñaki Iurrebasok ere hartu du parte mahai inguruan, eta eremu formaleko euskararen erabilerak eremu informalekoari aurrea hartu diola nabarmendu du. Hizkuntzen kale neurketa eta inkesta soziolinguistikoa izan ditu oinarri bere azterketan. Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera "galera handiak" izaten ari dela azpimarratu du, eta atzerako bilakaera daramala. Bestalde,1991tik hona euskal hiztunaren profila nola aldatu den aipatu du: orduan zaharrak ziren euskaraz gehien mintzatzen zirenak, baina egun gazteak dira gehien aritzen direnak.

Hala ere, kezkatuta agertu da soziologoa, izan ere Gipuzkoan erabilerak bizkorrago egin du gora, eta datu horrek gainerako herrialdeetako datuak estaltzen omen ditu. Eskualdekako edo herrikako azterketa zehatzagoen alde agertu da, hortaz, Iurrebaso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.