Albert Fert fisikariak (Carcasona, Okzitania, 1938) eragin erabakigarria izan du gaur mundu osoan ordenagailuak erabiltzen dituzten milioika eta milioika gizakien bizitzetan. 1988. urtean, magnetoerresistentzia erraldoia deskubritu zuen, eta 2007an fisikako Nobel saria eman zioten, ordenagailuen disko gogorretik datuak ateratzeko egindako asmakizunagatik.
Orain, Fert Euskal Herriko Unibertsitateko lantaldean sartuko da ikerlari eta irakasle gisa, Materialen Fisika Sailean. 2017an, EHUk honoris causa doktore izendatu zuen, eta azken hamarkadan sarri izan da Euskal Herrian, nagusiki EHUrekin elkarlanean. Orain arte, Paris-Sud Unibertsitateko irakasle emeritua eta CNRS Ikerkuntza Zientifikorako Frantziako Zentroaren zuzendari zientifikoa zen.
Agerraldi batean eman du EHUk kontratazioaren berri. Fertez gain, Nekane Balluerka EHUko errektorea eta Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physics Centerreko presidente eta unibertsitate publikoko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna egon dira agerraldian. Kontratazio horren bidez, EHUk "bere ikerketa lana indartu" nahi du, eta Fertek eta EHUko Magnetismo Taldeak lehendik zuten "lankidetza sendotu", Balluerkak adierazi duenez.
Besteak beste, lotura zuzena dauka Donostian egiten ari diren MESO ikerketa egitasmoarekin. Ferten CRNS/Thales laborategia eta Nanogune lanean ari dira gaurko siliziozko txipak ordezkatuko dituztenak garatzeko. Intel konpainiak ordaindu du ikerketa, 670.000 euro pasatxorekin. DIPC Donostia International Physics Center erakundeak gonbidatuta etorri izan da; adibidez, iazko irailean Passion For Knowledge kongresuan izan zen.
BERRIAk elkarrizketatu egin zuen iazko ekainean.