Zer iruditu zitzaizun Dani Alvesi duela pare bat aste gertatutakoa?
Gauzak ez dira berez gertatzen: hemen, auzia ez da dena ondo doala eta, bat-batean, inork espero ez duelarik, zerbait gertatzen dela. Alderantziz, Alvesi gertatutakoa huskeria da maila apalagoko zelaietan igandero pasatzen denarekin alderatuta, eta gogoeta egin beharko genuke arrazoien inguruan.
Eta zeintzuk dira arrazoiak?
Badirudi futbol zelaietan, bai Lehenengo Mailakoetan eta bai Hirugarren Mailakoetan, dena dela libre. Entrenatzaile bati heriotza opa, jokalari baten emaztea larriki iraindu, edo jokalari beltz bati tximu deitzea; hargatik, inolako arrazoirik gabe. Dena dago baimenduta. Eta arazoaren erroetara joan beharrean, badirudi irtenbidea dela jokalariari esatea ez dela hainbesterako eta horrelakoak jasan behar dituela.
Zure ustez, nolakoa izan zen Alvesen erantzuna?
Niri gustatu egin zitzaidan, horrekin adierazi zuelako hori ez duela iraintzat hartzen. Beltz bati bere kolorean oinarritutako laidoak botatzea ez da beltzarentzat umiliagarri edo iraingarria: beltzak gutxien nahi duena da zuria izatea, pozik dago bere arraza dela eta. Seguru asko, horrela irain egiten duena ez da hain pozik egongo den bezalakoa izanik.
Futbol giroa beste giro batzuk baino arrazistagoa da, edo gizartean gertatzen denaren isla baino ez da?
Futbolak, benetako futbolak, ez du inolako zerikusirik irainekin, istiluekin edo tiroketekin, aurrekoan Italian gertatu zen moduan. Futbola besterik da. Baina badirudi zelaiko atea zeharkatzeaz batera arauak aldatzen direla eta kanpoan gaizki ikusia edo galarazita dagoena zilegi dela. Nik uste dut gizartean, oro har, jendea ohituago dagoela hainbat arrazatako jendea ikustera, eta ulertzen duela norbaitek sorterria uzten duenean izaten dela horretara behartuta dagoelako. Baina badirudi futbolak jendearen alderik txarrena ateratzen duela. Zuk ez duzu ikusiko kalean jendea inori tximino deitzen edo nazien agurra egiten; futbol zelaian, berriz, badirudi horrelakoak, zilegi ez ezik, ulergarriak ere badirela.
Eta zein izan daiteke irtenbidea?
Irtenbidea ez da esatea horrelako jarrerak ez direla hainbesterako edo irainak jasotzea futbolariaren soldatan sartzen dela. Inor ez dago derrigortuta horrelako irainak jasan behar izatera. Eta ez soilki jokalariarengatik; askotan aipatzen da kirola zerbait onuragarria dela gizartearentzat, umeek kirol balioak berenganatzea garrantzitsua dela, eta abar. Horrelako jarrerekin, ordea, irudi penagarria ematen da. Nik, alde horretatik, argi daukat: norbaiten heriotza desiratzea, arraza dela-eta aurkaria umiliatu nahi izatea edo antzekoak gertatzen badira, partida bukatutzat eman, eta kito.
Iraindua Dani Alves bezain ospetsua ez den beste jokalari bat izan balitz, erreakzioa berbera izango zatekeen?
Ez, baina hori normala da. Minbizia, zoritxarrez, oso hedatuta dago, baina Tito Vilanovaren moduko pertsona ospetsu bat minbiziak jota hiltzen denean hasten gara arazoaz kontzientzia hartzen. Jakina, Melillako hesia gainditu nahi dutenei gasa begietara botatzea Alvesi gertatutakoa baino askoz larriagoa da, baina garai honetan suertatu da Alves bilakatu dela Espainian dagoen eta lan egiten duen giza-multzo horren ordezkari. Horrek balio badu jendeak ulertzeko horrelako jarrerek ez dutela zerikusirik izan behar futbolarekin, gaitz erdi.