Alda dezagun diru laguntzen politika

Joan Mari Larrarte
2009ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Aurtengo diru laguntzek aurreko urteetakoen ezintasun berberak dituzte, orain arte bezalaxe, hauek ere ez direlako euskarazko hedabideen aldeko apustu estrategikoa egiteko laguntzak. Azken urte hauetan errepikatu izan ditugun ideia berak errepika daitezke aurten ere: hedabideentzat egin den inbertsioa ez da handitu, eta, ondorioz, bakoitzak jasoko duena ere ez; sendotu eta indartzeko planteamendurik ez da egiten; erdarazko hedabideetan gero eta gehiago inbertitzen da, nahiz eta euskararen normalizazioan benetan eragiten dutenak euskarazkoak izan...

Hala ere, pasatakoaren gaineko balorazioetan ibiltzea baino egokiagoa izango da aurrera begira jartzea; Eusko Jaurlaritzan gobernu aldaketa izan denez, hau garai aproposa baita orain arteko politika desegokia ere albo batera utzi eta hemen ere aldaketak egiteko.

Euskarazko hedabideek urteak daramatzagu esaten administrazioaren egungo politika ez dela egokia, egungo politiken bidez euskarazko hedabideen hala-holako iraupena baino ezin dela bideratu, beste zerbait behar dela: sektore estrategikotzat hartu eta berau sendotzeko dinamika adostea eragileekin batera.

Euskarazko hedabideena sektore estrategikoa da euskararen normalizaziorako, eta, horri begira, iraun eta indartuko diren hedabideak eta haiek garatzeko gaitasuna izango duten eragileak behar dira etorkizun aldakor horretan. Epeak begiratzeaz gain-onartezina da diru laguntzen ebazpena iraila arte ez ezagutzea-, ezinbestekoa da, gutxienez, segidan aipatuko ditugun puntuetan eragitea.

Eskaintza ugaritu egin behar da. Gaur egun dagoen euskarazko eskaintza handitzea ezinbestekoa da, gero eta aukera zabalagoa izateko eta gero eta euskaldun gehiago erakartzeko euskarazko hedabideetara, posibleago izango baita bakoitzaren behar eta interesak asetzea. Hedabide berriak sortzeko bideak jarri behar dira.

Euskarazko eskaintza ezagutzera eman behar da. Euskarazko hedabideek, beren ahultasunean, ez dute gaitasun nahikorik izan sustapen kanpaina sendoak egiteko, eta oso zail dute, hain urriak izanik, erdarazkoen artean nabarmendu eta beren burua ezagutzera ematea. Hedabideak sustatzeko lana egin behar da, horretarako baliabideak jarriz eta, besteak beste, hedabide publikoak horretarako ere baliatuz.

Publizitatea euskaraz egitea sustatu behar da. Publizitatea da hedabideen diru sarrerarik garrantzitsuenetako bat, haien bideragarritasunaren giltzarria, baina euskarazko hedabideetara oso gutxi iristen da. Gaur egungo egoera aldatu eta publizitatea euskal prentsara, ikus-entzunezkoetara eta sarera erakartzeko dinamika abiatu behar da, instituzioetatik bertatik abiatu eta bidea erakutsiz, euskaraz egiten den publizitateak ere balio komertzial erabatekoa duela agerian jarriz.

Diru laguntzen politika aldatu egin behar da. Zoritxarrez, egun dagoen euskaldun kopuruarekin eta, ondorioz, euskal gizartean dagoen euskararen erabilerarekin, ezinezkoa da erabateko bideragarritasuna lortzea laguntzarik gabe. Badakigu bideragarritasuna ezin dela laguntzen baitan utzi, eta, horregatik, ezinbestekoa da aurretik aipatutako puntuak garatzea, baina horrek ez du baztertzen diru laguntzen politika egokiaren beharra. Eta politika egokia egiteko: urtez urteko deialdien politika gainditu eta hitzarmen dinamikara jo behar da; garapenerako bideak jarri behar dira, urteko defizita estaltzen laguntzea helburu duten dinamikak gaindituta; eta kontuan hartu behar da, kulturaz gaindi, sektore ekonomiko bat dagoela -lanpostuak, BEZa, PFEZa sortzen dituen sektore bat-, inbertsiorako ekonomiaren garapenaren ikuspegitik lagunduz.

Kargua hartu berria duen gobernuak aukera paregabea du urteetako politika desegokia aldatu eta sektorearen beharretara egokitzeko, sektorearekin berarekin batera adostuta. EKTk eta gainontzeko eragileek behin eta berriz adierazi izan dute kezka eta lanerako borondatea, eta ziur naiz aurrerantzean ere hala izango dela, baldin eta euskarazko hedabideen izaera estrategikoa kontuan hartzen bada eta benetako aldaketarako borondatea baldin badago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.