Esperanza Aguirre PPkoa izango da beste lau urtez Madrilgo Erkidegoko presidentea, 2003an lortutako gehiengo osoa handitu egin baitu. Botoen %50,6 eskuratu ditu (bi puntu gehiago) eta 64 aulki (+7). Porrot egin du PSOEk: 45 aulkiei eutsi die, baina hiru puntutik gora galdu ditu. Emaitza txukunak IUrentzat: 11 diputatu (+2) eta botoen %9,3 (%8,5 2003an).
Gaztela eta Leonen 48 aulki lortu ditu PPk, 33 PSOEk eta bi UPL leonesistak. Murtzian, PPk (29) aulki bat kendu dio PSOEri (15) eta IUk bere diputatu bakarra berretsi du.
Extremaduran, Juan Carlos Rodriguez Ibarrak erretiroa hartu izanak ez dio kalterik eragin PSOEri. Sozialistek 38 aulki lortu dituzte (+2), PPk 27 (+1) eta IUk bere ordezkaritza galdu du (-3).
Hiru diputatu galdu arren, gehiengo osoari erraz eutsi dio PSOEk Gaztela-Mantxan ere: 26 diputatu sozialistentzat eta 21 PPrentzat.
Kantabrian, aldiz, Miguel Angel Revilla erregionalistak aukera handiak ditu lehendakaritzari eusteko. PPk galdu duen aulkia (17) eta PSOEk galdutako hiruak (10) Revillaren PRC alderdira joan dira (12). Sozialisten botoekin agindu du azken lau urteotan.
Madrilgo alkatetzarako lehian, Alberto Ruiz Gallardonek bere postuari eutsiko dio.
M27-Espainia
Aldaketa gutxi autonomikoetan
PSOEk eta PPk aurretik beraien esku zituzten erkidegoei eutsiko diete. PSOEk eskura ditu Aragoi, Asturias, Extremadura eta Gaztela-Mantxa. PPk, berriz, gehiengo osoa sendotu du Madrilen, Murtzian, Gaztela eta Leonen eta Errioxan. PPk gora egin du udal hauteskundeetan, eta 120.000 boto atera dizkio PSOEri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu