Euskaraldia

Aldaketa lortzeko helburuarekin, abian da Euskaraldia

145.000 'ahobizi' eta 51.000 'belarriprest' ari dira gaurtik aurrera Euskaraldian. Hirutik bi, emakumeak. Herri askotan arratsaldean emango diote hasiera ekimenari eta hark irauten duen bitartean izango da izen emateko aukera ere.

2018ko azaroaren 23a
09:48
Entzun

Erronka "pertsonal eta kolektiboa" da Euskaraldia. Hala izatea nahi dute sustatzaileek, gaurtik abenduaren 3ra bitartean. Baina baita gerora ere, hizkuntza ohiturak aldatzea baita egitasmoaren oinarria. BERRIAk ere ekarpen berezia egingo dio Euskaraldiari, besteak beste, webgune batekin. Atariko gisa egindako serieko erreportaje eta elkarrizketa guztiak daude ikusgai, baita egitasmoari buruzko iritzi artikuluak eta bideoak ere.

Denera, 196.000 lagun murgildu dira, gutxienez, ariketa horretan. %74 dira 'ahobizi', eta %26 'belarriprest'. Dena den, kopuru hori hazten joango da oraindik. Izan ere, hainbat herritan oraindik bada izena emateko aukera, eta ikastetxe ugaritan ere haurrentzako txapa bereziak prestatu dituzte eurak ere ekimenean parte har dezaten —16 urtetik gorakoek soilik eman dezakete izena Euskaraldian—.

Instituzio ugarik egin dute bat ekimenarekin. Horietako bat izan da Reala. Talde txuri-urdinak jakinarazi du abenduaren 3a bitartean Euskaraldian izena eman duten jokalariek hitz egingo dutela prentsaurrekoetan. Lehen euskara hutsezko agerraldia Asier Garitano entrenatzaileak egingo du bihar bertan. Taldeak iragarri du, hala ere, aldibereko itzulpen zerbitzua izango dela eskatzen duenarentzat.

Aspaldi euskararen arloan egindako egitasmorik handiena da, beraz. Ez da, hala ere, aldekotasuna erakusteko ekintza bat: aldaketak lortu nahi ditu, aldaketa praktikoak, aldaketa pertsonalak eta kolektiboak. Euskararen erabilera geldialdian dagoen honetan, hazteko abiapuntu bat ezarri.

Goizean goizetik irten dira asko etxetik datozen 11 egunak euskaraz biziteko asmoz. Herri ugaritan hainbat ekitaldi antolatu dituzte goizerako, Donostian eta Irunen, esaterako, mintzodromoak antolatu dituzte. Aldiz, beste hainbat txokotan arratsaldean emango diote hasiera ekimenari, jan-edanarekin batzuetan eta festa giroan besteetan.   Andoainen esaterako musikaz lagunduta hasi dute erronka:

 

Goizean goiz txapa paparrean jantzita atera dira etxetik beste asko. Hartutako konpromisoa betetzeko gogoz.

Nork bere txapa soinean ekin diete belarriprest eta ahobizi-ek egunerokoari, zenbait lekutan giroak lagundu ez arren.

 

Berezitasunen bat edo beste ere ekarri du Euskaraldiak, oinarrizko formatua guztientzat berdina izan arren. ELAk salatu du ahobizi eta belarriprest txapak eramatea "debekatu" diela ertzainei Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Ertzaintzak azaldu zuenez, pinen partez, eskumuturrekoak eramango dituzte Euskaraldian parte hartuko duten agenteek.

Hizkuntza ohiturak aldatzea da nagusiki Euskaraldiaren xedea. Euskara ulertu behintzat egin behar da parte hartzeko. Azken inkesta soziolinguistikoen arabera, euskal herritarren %45ek ulertu gutxienez egiten dute euskara. Bilbon, esaterako, nabaria da aurrerapausoa ulermenean. Erabileran nola nabarituko den ekinaldia, hori da askoren galdera orain, zenbaiten kasuan, belarribizi egiteraino.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.