EAk eta ezker abertzaleak ekainaren 20an Bilboko Euskalduna jauregian sinatutako Lortu arte dokumentuaren garapena da akordioa. Nafarroan ere aurkeztu zuten bi alderdiek aldaketarako dekalogo bat, irailean. Gipuzkoakoa ere hamar puntutan laburbiltzen da, eta, besteak beste, normalizazio politikoa eta bakegintza-Gernikako Akordioan jasotakoa berretsi dute-, gizarte politikak, garapen iraunkorra eta hezkuntza zein kultura arloak jorratu dituzte. Arlokako politikenalorrean, Gipuzkoak, beste lurraldeek bezala, «nazio ikuspegia iparrorratz hartuta» aritu behar duela iritzi diote sinatzaileek.
Idoia Aiastui ezker abertzaleko kideak eta Iñaki Agirrezabala Gipuzkoako EAko idazkariak eman dute proposamenaren berri. Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Iñaki Errazkin eta Miren Legorburu ezker abertzaleko hautetsiak eta Ikerne Badiola EAko komunikazio idazkaria. Bi alderdiek «ibilbide eta historia» ezberdina duten arren normalizazio politikorako eta bakegintzarako oinarrietan bat egin dutela nabarmendu dute. «Bi aldeentzat aberasgarria izan da ariketa. Esperientzia ezberdinak ere metatu ditugu».
Gipuzkoako soziologia
Gipuzkoara begira eginiko proproposamenari dagionez, indar abertzale eta aurrerakoien metaketak aldaketa politikoa eta soziala gauzagarri egin dezakeela adierazi du Aiastuik: «Gipuzkoan ere urrats bat egiteko garaia da». Ezker abertzaleko kideak azaldu duenez, Gipuzkoa da indar metaketa egiteko baldintza hoberenak dituen lurraldea. Izan ere, aurreko foru hauteskundeei erreparatuz gero, ezkerreko indar subiranistek lortu zuten boto gehien, baliorik gabeko bozak kontuan hartuta.
Akordioren oinarrietako batzuk, labur
Arlokako gaiak ere jorratzen dira agirian. Hona hemen batzuk:Gizarte politikak. «Hirugarren adinekoen benetako beharrei erantzuteko sail bat eratzea [...]. Gazteriarentzat politika sendoa behar da; lan zein etxebizitza duina eskuratzea ahalbidetuko duen politika.[...] Gazte etorkinen egoerari aurre egiteko plan berezitua behar da».
Azpiegiturak.«Garraio politika iraunkorra [...] errepide sareak eskualde eta herrialde mailako komunikazioan ezarri behar du bere lehentasuna. Tren soziala bultzatzea era berean lehentasunezkoa da herrialde mailako komunikazioa bultzatzeko [...]. Hondakinen kudeaketarako eredu egokia herritar guztion arteko eztabaidaren bidez erabaki behar da [...]. Pasaiako kanpo kaiaren zein Hondarribiko aireportuko pista luzatzeko egitasmoek ez diote Euskal Herriaren zein Gipuzkoaren beharrei erantzuten».
Hezkuntza eta kultura. «Hezkuntza herritarra, euskalduna eta kalitatezkoa bermatu [...]. Euskal Unibertsitatearen proiektuak isla izan behar du Gipuzkoan [...]. Gure herrialdea aberatsa da euskal kulturaren ekoizpenari dagokionean;proiektuak bultzatzea eta berriak sustatzea ezinbesteko lana da».