Navarrometro inkesta

Aldaketarako indarrak nagusi lirateke Nafarroan

Podemosek irabaziko lituzke hauteskundeak, hemezortzi eserlekurekin. EH Bildu litzateke bigarren (11), eta UPNk hondoratu eta zortzi parlamentari baino ez lituzke lortuko; hemeretzi ditu orain.

'Navarrometro' inkestaren aurkezpena. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
2014ko azaroaren 21a
10:32
Entzun

Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteak 2015eko foru hauteskundeetarako Navarrometro inkesta aurkeztu du. Datuen arabera, aldaketa politikoaren aldeko indarrak nagusi izango lirateke Nafarroan. Podemosek irabaziko lituzke hauteskundeak, hemezortzi eserleku lortuta. Haren atzetik geratuko litzateke EH Bildu (11), eta hirugarren posturaino jaitsiko litzateke UPN, zortzi eserlekurekin. Ondoren, hauexek lortuko lukete ordezkaritza Nafarroako Parlamentuan: PSNk bost, Geroa Baik lau, Ezkerrak bi, PPk bat eta UPDk bat.

 

UPN: hemeretzi parlamentari.
PSN: bederatzi.
NaBai: zortzi (ondoren zatiketa gertatu zen; haietatik bi Geroa Bai gisa ari dira orain, eta sei, NaBai-Aralar gisa).
Bildu: zazpi.
PP: lau.
Ezkerra: hiru.

EAE-Nafarroako lankidetza esparruaren alde, %69

Bestelako datu interesgarriak ere utzi ditu inkestak. "EAErekin lankidetza eta kooperazio marko egonkorra izatearen alde zaude?" galderari baiezko erantzuna eman diote galdetutakoen %69k, eta %23k baino ez dute ezetz erantzun.  Gainerako %9k ez dute galderaren inguruko iritzi zehatzik eman.

EAE-Nafarroa lankidetza markoa behin egon da martxan: 1996an, Nafarroako Gobernuan PSN, CDN eta EA zeudela parlamentuak orduko ekainean baleko jo zuenean egitasmoa. Ekain hartan bertan, baina, Javier Otano Nafarroako lehendakariak (PSN) dimisioa eman zuen ustezko ustelkeria kasu bat zela eta. 1996ko irailean izan ziren foru hauteskunde aurreratuak, eta Miguel Sanz (UPN) jarri zen lehendakari; han amaitu zen lankidetza markoaren esperientzia.

Liderren balorazioa

Indar politikoetako liderren balorazioari dagokionez, nabarmena da Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen gainbehera: 2010ean, 4,5eko puntuazioa zuen, eta bikoa egun. Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak du baloraziorik altuena (3,9), eta haren atzetik dago Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramailea (3,4). Ana Beltran PPko eledunak du puntuaziorik baxuena, 1,5.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.