UEMAk berak iazko jardunaren balantzea egiteko orduan onartu zuen iazkoa ez zela espero bezain urte «eraginkorra» izan eta bi arrazoi eman zituen hori erakusteko: «Aurreko 12 urteetan ez bezala, ez da udal berririk sartu eta udal batzuetan atzerapausoak eman dira edo ez da ezer aurreratu...».Aurten oraindik ez da herri berririk sartu UEMAn, erakundearen helburua eta erronka 2003-2007 legegintzaldian 1999-2003 legegintzaldian sartu ziren 19 udalak gainditzea den arren. Eta oraingoz ez dago herririk zain erakundean sartzeko. «Aurreikuspenik egin ezin bada ere, pentsatzekoa da datorren ekitaldian [aurten] udal gehiago egingo direla UEMAko partaide».Bi urtean ez da herririk sartu UEMAn. Miren Urresti erakundeko lehendakari eta Ondarroako (Bizkaia) Euskara zinegotziak kanpoko eta barruko arrazoiei egotzi die. Kanpokoak, Espainiako Estatuko abokatuek Ondarroa eta Lekeitio UEMAn sartzeko erabakiaren kontra jarritako inpugnazioa. «Arazo horiek, nahiz eta kanpokoak izan, ez dute jendea animatzen, ez dute gogo handirik eragiten UEMAn sartzeko». Barruko arrazoiei dagokienez, erakundearen zuzendaritzaren kontra egindako salaketa publikoak aipatu ditu. «UEMAk baditu tokiak eztabaidatzeko eta ez da onena UEMAk dituen arazoak bertatik kanpo zabaltzea».Batasunak salatu duenez, ordea, Espainiak legez kanpo utzi zituen herri plataformek ez dute lekurik UEMAn. «Teorian egoera ez demokratiko hori onartu ez arren, praktikan aplikatu egiten dute», salatu du Karmele Aierbe Batasuneko Euskara arduradunak. UEMAk berak iazko jardunaren balantzean onartu du Batasuna legez kanporatzearen eragina UEMAn bertan.UEMAko zenbait herritan eman diren atzerapausoei dagokienez, iazko jardunaren laburpenean aipatzen dira. Alde batetik, herri batzuetan lehen euskara hutsean egiten ziren bandoak, aktak eta bestelako agiriak elebitan egiten hasi direla. Bestetik, herri gehienetan, baimenak-eta ematerakoan, baldintzetan ez dela sartu euskararen klausula: «Herri batzuetan zerbitzua eman behar duenari ez diote eskatu euskaraz funtzionatzeko». Horiez gain, udaletxeetan gaztelaniazko agiri asko sartu arren, ez direla bueltatzen dio iazko balantzeak. Ez hori bakarrik: «Irten ere irteten dira gaztelaniazko dokumentuak udaletxeetatik».«Herri askotan berriro ere zabarkeria ikusten hasi gara», salatu du Karmele Aierbek. «Euskara hutsean funtzionatzen duten udalen filosofia hautsi egin da», gehitu du Mikel Galartza Urdiaingo Urdiaindarrak herri plataformako zinegotzi eta UEMAko Zuzendaritzako kideak. UEMAko herrien funtzionamenduaren jarraipena egiten dela azpimarratu du Miren Urrestik. Eta zein da UEMAren egoera? Miren Urresti mankomunitateko lehendakari eta Ondarroako (Bizkaia) Euskara zinegotziaren iritziz, «aldatzeko» edo «egokitzeko» tenorean dago, euskararen erronka berriei erantzuteko: etorkinen euskalduntzea, Udaletako euskararen erabilera planen aplikazioa, enpresen euskalduntzea... «Eguneroko arazoei erantzun behar diegu».Ezker abertzaleko herri plataformen eta Batasunaren ustez ere UEMAk aldatu egin behar du, batez ere, erakundearen azken urteetako «gainbeherari» buelta emateko.«UEMA egon badago, baina ibili ez dabil», dio Karmele Aierbe Batasuneko Euskara arduradunak. Egon, «hilda» dagoela uste du Batasunak. «Aurrera egin beharrean, bere horretan mantendu da».Galartzaren iritziz, UEMA «hilzorian» dago, UEMAren aitzindari lana baztertu egin delako: «Hizkuntz normalizazioan urrats aurrerakoiak eman beharko lituzke. Baina gaur egun kudeaketa EAJren esku dago eta men egiten ari zaio hizkuntzaren statu quo-ari. EAJk erabaki du ez dela inolako gatazkarik sortu behar gaur egungo legedian eta horrek euskara bigarren mailan uztea suposatzen du. Hori ez da gatazka, nonbait».
Zerbitzua
UEMA udalei euskaraz aritzeko zerbitzuak eta aholkularitza «bakarrik» ematen dien erakundea dela salatu dute Karmele Aierbek eta Mikel Galartzak. «Baina UEMAk ezin du izan euskara zerbitzu bat bakarrik, beste bide bat jorratu behar du», gehitu du Aierbek. «UEMA ezin da errealitatearen aurrean makurtu».
«Mankomunitate bat gara eta zerbitzuak eskaintzen ditugu», dio Miren Urresti UEMAko lehendakariak. «Euskarak ekimen serio, zehatz eta profesionalak behar ditu. Horretarako tresnak jarri behar ditugu eta UEMA tresna bat da».Kritikak kritika, guztiek azpimarratu dute UEMA beharrezkoa dela. «Guztiok egin behar dugu euskararen alde, herri erakundeek batez ere, herritarren eskubideak bermatzeko ardura gurea baita», esan du Miren Urrestik. Karmele Aierberentzat «ezinbesteko tresna» da euskararen normalizazioan: «UEMA osatzen dugunok hitz egin eta aurrera begirako gogoeta egin behar dugu. Premiazkoa da. UEMA tresna egokia izan da, da eta izango da, ibiltzen bada».
-
HISTORIA
EHEren kanpaina baten ondoren sortua
Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) 1988an egin zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) hazia izan zen kanpaina: Herri elebakarren aldeko kanpaina. Euskara eta udalen funtzionamendua eta herri mugimenduak eta udal administrazioa uztartu nahi zituen. Kanpainaren helburua euskaldunak herritarren %80 baino gehiago ziren herrietan euskara hutsean bizitzea zen (gaur egun %70ean ezarri dute muga). EHEk mozioa prestatu zuen eta Hego Euskal Herriko hainbat udalek onartu zuten.
UEMA, sortu, gorpuztu, 1991ko maiatzaren 5ean sortu zen Aizarnazabalen (Gipuzkoa), Udalerri Euskaldunen Egunean. Erakundeak hiru helburu nagusi ditu: «Udalerrri euskaldunetako herritarrek bizitza guztia euskaraz egin dezaten bideak urratzea; euskara nagusi izango den lur-gunea osatzea; eta udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomikoa eta sozio-kulturala bultzatzea».