Hauteskundeen ondorena Araban

Aldaketari ateak zabalik

Gasteizera ez ezik, Arabako beste udalerri askotara ere iritsi da aldaketarako grina: Trebiñu, Kanpezu, Oion eta Urkabustaizera.

Trebiñuko herriko sarrera. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Igor Goikolea-Edurne Begiristain
2015eko uztailaren 29a
11:01
Entzun

Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeek Araban egindako argazkiaren fokua Gasteizen jarrita egon da azkeneko asteetan, PP udal agintetik botatzeko akordioa egin eta aldaketa izan delako hiriburuko alkatetzan. Baina aldaketa giroa Gasteizen ez ezik, Arabako beste udalerri batzuetan ere sumatu da.

Mendialdean, ezustea eman du Kaixo zerrenda independenteak Kanpezun, eta EAJren urtetako hegemonia apurtu du. Trebiñun, berriz, Araban integratzearen alde dauden hautagaitzak indartu egin dira, PPren kaltetan. Eta Arabako Errioxan, PPren beherakada nabarmena izan da: 2011z geroztik denera 16 galdu ditu, eta soilik Mañueta eta Guardian du agintea. Añanan, berriz, EAJ indartuta atera da, eta Aiaraldean, EAJ eta EH Bilduk hegemonia politikoa izango dute aurrerantzean ere. Gorbeialdean, EH Bilduk segituko du gobernatzen eskualdeko ia herrialde guztietan, baina Urkabustaizen, koalizioak irabazi arren, EAJk dauka alkatetza, plataforma independente batek babestuta. Lautadan ere izan da hainbat aldaketa: Agurainen EAJk berreskuratu egin du aginte makila, gobernuari eutsi dio PSEk Iruña Okan, eta alderdi independenteak nagusitu dira Zanbranan eta Berantevillan.

TREBIÑU. Arabara batzeko urratsak, gero eta sendoago

Araban sartzeko nahia eta indarra inoiz baino indartsuago dago Trebiñun, eta horren adierazgarri dira azkenengo udal hauteskundeetako emaitzak. Trebiñun duten anabasa administratiboa amaitu, eta Arabara batzeko eskatzen duten plataforma batek eskuratu du agintea: CDC, Trebiñuko nekazarien hautagaitzak. 149 boto eta bi zinegotzi izan ditu CDCk, eta Ernesto Argotek lortu du aginte makila. Argote pozik dago emaitzekin: «Trebiñu Arabara batzearen alde lan egiten dugun hautagaitzek botoen %85 geureganatu ditugu, eta hori oso poztekoa da».

Araban integratzeko konpromisoa hartua duten alderdi guztien arteko adostasuna agerian geratu zen ekainaren 13an, Argote alkate izendatzerakoan. Bat egin zuten CDC eta AEICT herri hautagaitzek (144 boto eta bi zinegotzi lortu zituen AEICTk) eta EAJk (63 boto eta ordezkari bat). CPT plataformak (99 boto eta hautetsi bat), ez zuen Argote babestu, baina elkarlanerako prest agertu da. EH Bildu (77 boto, hautetsi bat) abstenitu egin zen inbestiduran, baina akordioetarako eskua luzatuta dutela esan du Iker Garcia de Eulate zinegotziak: «Tradizio politiko ezberdinetatik gatoz, planteamendu batzuetan talka egiten dugu, baina integrazioaren eta trebiñarren aldeko proposamenetan ondo-ondoan izango gaitu alkateak».

Trebiñuko mapa politikoa aldatzen ari da, eta horren isla da PPk urteotan izan duen boto galera. Azken hiru hauteskunde deialdietan garaile irten ostean, hirugarren indarra izan da aurten, botoen erdia galduta. Beherakada areagotuz joan da azken hauteskunde deialdietan: 2007an 266 boto eta lau zinegotzi lortu zituen, 2011n 216 boto eta hiru zinegotzi, eta aurten 111 boto eta bi hautetsi. «Hauteskunde programan Trebiñu Araban sartzeko eskatu ez duen alderdi bakarra izan da PP, eta hautesleek zigortu egin dute», dio Argotek.

Hauteskunde emaitzek trebiñarren aldarrikapen historikoei hauspoa eman diote. Eta aurreko agintaldian hasitako bideari jarraipena emateko «indartsu» daudela uste du EH Bilduko zinegotziak. Iazko azaroan, PPk eta PSOEk atzera bota zuten Espainiako Gorteetan Trebiñuko eta Argantzungo udalen eskariz konderria Arabara batzeko eskatu zuen Eusko Legebiltzarreko ekinaldi legegilea, baina Garcia de Eulatek ohartarazi du ez dutela etsiko: «Bide hori ez dago hilda. Posible da ekinbidea berriro martxan jartzea, eta, Espainian bestelako gobernu demokratikoago bat baldin badago, integrazioa formalki lor daiteke». Nolanahi ere, zain egotea baino gehiago, «egitatezko bidearen» aldeko apustuaren alde dago koalizioa, eta bi bide proposatu ditu: batetik, gainerako indar politikoei eskua luzatzea elkarrekin bidea egiteko, eta, bestetik, EAEko erakundeei babesa eta konpromisoa exijitzea, batez ere Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari.

Trebiñuko alkateak ere Espainiako aurtengo hauteskundeetan jarrita dauka itxaropena: «Espainian egon daitekeen aldaketak itxaropena ematen digu gure ekinbideak Gorteetan aurrera egin dezan». Hala ere, udal gobernua ez da geldirik egongo eta udaletik bertatik lanean jarraitzeko asmoa dauka Argotek. Horretarako, Trebiñu Araban sartzeko bidea jorratzeaz arduratuko den batzordea eratu du, eta haren kudeaketa AEICT plataformaren esku utzi du alkate berriak.

URKABUSTAIZ. Lau bozen eragina

Ezustea eta aldaketa izan dira aurten Urkabustaizko Udalean. Urkabustaiz Zabala plataforma independenteak lau botogatik lortu zuen zinegotzi bat, eta hautetsi hura giltzarri izan zen inbestiduran, EAJri alkatetza emateko.

Hain zuzen ere, Rosa Aginako da plataformako hautetsia, aurreko agintaldian Bilduren zerrendetan joan eta koalizio abertzalearen udal gobernuko alkateorde izandakoa. Oraingoan, ez da harekin batera joan. «Arrazoi ugari egon ziren Bildu uzteko; haietako bat, taldean lan egiteko gabezia izan zen», dio Aginakok. Azken batean, hark koalizioarekin izandako tirabirek ema diote alkatetza EAJri.

Duela lau urteko hauteskundeetan, Bilduk zinegotzi batengatik eta 43 botorengatik irabazi zizkion hauteskundeak EAJri Urkabustaizen. Aurreko agintaldian bi alderdi haiek izan dira udalean, eta koalizio abertzaleak agindu du bost zinegotzirekin. Jose Antonio Lopezek izan zuen aginte makila, eta Rosa Aginakok, berriz, alkateordetza. Herrian aurrera eramandako proiektuek oihartzuna eta herritarren oniritzia eduki zuten; besteak beste, herriko ikastola zaharra eraistea galarazi zuten.

Aurten, berriz, estuago geratu da hauteskunde emaitza: EH Bilduk lortu zituen boto gehien maiatzaren 24an, 318 botoekin, eta EAJ bigarrena geratu zen, 299rekin; launa zinegotzi izan dituzte bi alderdiek. Baina indar bat sartu zen azken udal bozetan, hirugarrena: Urkabustaiz Zabala plataforma independentea; 67 boto eta zinegotzi bat lortu ditu.

Azken unean, ezustea

«Alderdien letrak ahaztu eta Urkabustaiz bihotzean daukagun pertsonok osatzen dugu Urkabustaiz Zabala». Horrela definitu du Aginako zerrendaburuak taldearen izaera. Hauteskundeak baino hilabete bat lehenago, herritar gutxik espero zuten albiste batek Urkabustaizko herria astinduko zuenik: zerrenda independente bat aurkeztuko zen bozetara, eta ordura arte EH Bilduko alkateorde izandakoa izango zen alkategaia. Bozen ostean, udal berriaren etorkizuna Aginakoren eskuetan zegoen. «Azkeneko momentua iritsi arte aukera ugari aztertzen aritu ginen. Hala ere, helburua beteta geneukan: zinegotzi bat lortu eta herriko bipartidismoa haustea», esan du Aginakok.

Osoko bilkuraren aurreko egunera arte luzatu ziren negoziazioak, inbestidurara begira. Gauean, herritar gutxik zekiten zer gertatuko zen hurrengo egunean. Bozkatzeko unea iristean, Urkabustaiz Zabalak Begoña Ganzabal hautagai jeltzalea babestu zuen, eta alkatetza, beraz, EAJren esku geratu zen, ezustean.

Plataforma independentearen jarrera ez da izan herritar guztien gustukoa. EH Bilduko kide Jose Antonio Lopezek hitz gogorrak ditu haren aurka: «EH Bildu izan zen indar bozkatuena, bigarrenez, eta Urkabustaiz Zabalak jakingo du zergatik ez duen errespetatu botorik gehien lortu duen zerrenda».

Tirabirak tirabira, jeltzaleek han Gorbeialdeko bigarren alkatetza eskuratu dute. Arratzua-Ubarrundian daukate beste alkatetza. Eskualdeko gainontzeko alkateak EH Bildukoak dira.

KANPEZU. Parte hartzea, batzarrak eta aldaketa

Arabako hegoaldean dago Kanpezu, Mendialdean, eta bost udalerrik osatzen dute: Antoñana, Bujanda, Orbiso, Oteo eta Santikurutze Kanpezuk. Azkeneko herri horretan dago eskualdeko 1.117 biztanleak ordezkatzen dituen udala. Eta Kanpezuko udalera ere aldaketa ekarri dute joan den maiatzaren 24ko hauteskundeek. Izan ere, historian lehendabiziko aldiz talde independente batek eskuratu du alkatetza: Kaixo herri plataformak. Gainera, lehenengo aldia izan da herrian plataforma independente bat aurkeztu dela; aurkeztu, irabazi eta gehiengo osoa eskuratu. Ibernalo Basterrak du aginte makila ekainaren 13tik aurrera. Kanpezuko alkate aukeratu zuten bere plataformako bost zinegotzien bozekin. Bozetan, bigarren EAJ izan zen, lau zinegotzirekin.

«Kanpezun garaiak eta gizarteak aurrera egin dute, eta garapen horren lekuko da alkatea emakumea, independentea eta euskalduna izatea», dio Basterrak. Izan ere, aurtengo hauteskundeak izan arte, ez da sekula emakume bat egon alkatetzan. Emakumea, euskalduna eta zerrenda independente bateko kidea: Kanpezuko alkate batek orain arte izan ez dituen ezaugarriak. Baina, alkatetza ez ezik, udal politika egiteko modua ere aldatu nahi du Kaixok. Batzarretan eta parte hartzean lan egitea dauka oinarri, «behetik gora eta herritar guztien parte hartzearekin lan egiteko helburuarekin».

Maiatzeko udal hauteskundeetan lau hautagaitza aurkeztu ziren Kanpezun: EAJ, Kaixo, PSE eta PP. Lehen biek baino ez dute ordezkaritza lortu. Kaixo izan zen lehen indarra, 297 botorekin (%47,2) eta bost zinegotzirekin, eta EAJ bigarren geratu zen, 255 botorekin (%40,6) eta lau zinegotzirekin. PPk eta PSEk ez dute ordezkaritzarik lortu. Duela lau urteko udal emaitzekin alderatuta, erabateko aldaketa izan da udalerrian: EAJk irabazi zituen orduko bozak, lau zinegotzirekin (botoen %40,5); bigarren Bildu geratu zen, hiru hautetsirekin (botoen %28,7); eta ondoren geratu zen PP (%18,4), bi ordezkari lortuta.

Oraingo honetan, beraz, alderdi politiko bakarra dago Kanpezuko udaletxean: EAJ. «Herritarrek alderdiak albo batera utzi eta politikaren parte izatea erabaki dute», Basterra alkateak adierazi duenez, eta uste du horregatik izan duela Kaixo plataformak halako hauteskunde arrakasta.
 

OION. PPri aginte makila kentzeko, indarrak batuta

Arabako Errioxa PPren gotorlekua izan da historikoki, baina azken hauteskundeetan beherakada nabarmena izan du eskualdean, eta, denera, 16 zinegotzi galdu ditu. Hain justu, 2011n 35 zinegotzi izan zituen PPk, eta oraingo agintaldian 19 baino ez dauzka. Bi alkatetza baino ez ditu eskuratu: Mañueta eta Guardia. Oion izan da PPk aginte makila galdu zuen udalerri esanguratsuenetako bat. Arabako Errioxako udalerririk handiena da Oion, eta Arabako bosgarrena.

Maiatzeko hauteskundeak PPk irabazi zituen herrian, 578 boto (%35,2) eta lau zinegotzirekin —2011ko bozekin alderatuta, bat gutxiago—, baina berdindu egin zuen hautetsi kopuruan EAJrekin, eta ia boto kopuru berbera lortu zuten (557 boto, %33,9). EH Bildu izan zen hirugarren indarra (257 boto eta bi zinegotzi), eta PSE laugarren indarra (144 boto eta zinegotzi bakarra). PP eta EAJ alderdien arteko indarrak parekatuta izanda, gobernu aldaketarako ateak irekita utzi zituzten maiatzeko bozek. Eta hala gertatu zen. EH Bilduk Arabako erakundeetatik PP botatzea lehentasuna zuela azpimarratu zuen hauteskunde kanpainan, eta horrela egin zuen Oionen: bere botoak eman zizkion EAJri, PPko Ruben Garridori aginte makila kentzeko, eta, ondorioz, Jose Eduardo Terroba jeltzaleak eskuratu zuen alkatetza. EH Bilduren babesa soilik inbestidurarako izan zen, eta «oposizio serioa eta tinkoa» egingo duela agindu du koalizioak.

Horrenbestez, gutxiengoan gobernatuko du Terrobak datozen lau urteotan, baina akordioetarako «borondate osoa» izango du. Salatu duenez, PPk gehiengo osoz agindu du azken lau urteotan, oposizioari elkarrizketaren ateak itxita eta erabakiak «inposatuta»: «PP agintetik kentzea baino garrantzitsuagoa zen Garrido alkatetzatik kentzea. Izan ere, oso zaila izan zen akordioak lortzea, gauzak inposatu egiten zituelako. Dekretuz gobernatu zuen, maiz».

PPren kudeaketak herrian utzitako arrastoa kezkagarritzat jo du alkate berriak. Besteak beste, Oionek Euskal Autonomia Erkidegoko langabezi tasarik altuena duela gogoratu du: %24koa. Langabezia gutxitzea izango da haren lehentasuna, baita Oiongo herritarren ongizatea bermatzea ere: «Ez ditut proiektu handiak aurreikusten. Eguneroko arazoak konpontzea dut lehentasuna».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.