Sanferminak

Aldaketatxoen sanferminak aurkeztu ditu Iruñeko Udalak

Eguerdian aurkeztu dute hiriko besten egitaraua, baina jarduera gehienak UPNk prestatu zituen. Besta eredua aldatzea eta sexu erasoen aurka borrokatzea izanen dira helburu nagusiak.

Joseba Asironek eta Maider Belokik aurkeztu dute jai egitaraua. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
Iker Tubia.
2015eko ekainaren 30a
18:08
Entzun

Aldaketa anitz ez, baina bada alderik. Joseba Asiron Iruñeko alkateak azaldu duenez, hiru aste baizik ez dituzte izan, eta egitarauaren zati handiena itxita zegoen: “Gure jai eredua hurbildu nahian aldaketatxo batzuk egin ditugu”. Hainbat keinuk, baina, aldaketa hasi dela iragarriko dute aurtengo sanferminetan. Alde batetik, txupinazoari “kutsu instituzionala” kenduko diote, eta Iruñeko Orfeoiak eta La Veleta peñakoen ondorengoek botako dute. La Veletaren izenean Chantal Estrade egonen da, Onorino Arteta peñakidearen biloba. Arteta fusilatu egin zuten, baina bizirik atera zen eta erbesteratu. Gainera, Jesus Aristu egonen da, La Veletaren 1931ko argazkian agertzen den hiru urteko mutikoa. Sexu erasoen aurka ere irmo azaldu da Asiron, eta ikurrina aurten Udaletxeko plazan egonen dela aurreratu du, beti ere “legeari jarraiki”. “Aldaketaren sanferminak izanen dira denek nahi badugu”, gaineratu du.

Asironek azaldu duenez, heldu den ikasturterako besten eredua aldatzeko prozesua martxan jarriko dute, iritziak partekatu eta akordioak erdiesteko. Arazo larrienetako bat sexu erasoak izaten dira sanferminetan, eta horri aurre egiteko bideak indartuko ditu aurten Udalak. “Gure lehentasuna eraso sexisten aurrean, Iruñea, zero tolerantzia hiria izatea da”. Bestelako jazarpenak ere desagertuko dira, ikurrinarena, adibidez. “Azken urteetan krispazioa erabili da, ikurrina modu neurrigabe eta zentzugabean jazarri da”. Horregatik, aurten ikurrina plazan egoteko arazorik ez dela izanen aurreratu du Asironek. “Herritar guziak sanferminekin ordezkaturik izatea nahi dugu”.

Berritasunak

Aldaketa gehiago iragarri dituzte. Alde batetik, txupinazoaren egunean gaita jotzaileak izanen dira Gazteluko plazan giroa berotzen, eta ondoren, kalejira eginen dute Alde Zaharreko kaleetan barna. Prozesioari dagokionez, aurretik iragarri bezala, alkateak bertan parte hartuko du irudi instituzional gisa. Dena den, ez da mezan egonen, sinesmenaren esparrua pribatua iritzi diolako. Bestetik, erraldoien agurra ere ezberdina izanen da aurten. Uztailaren 14an Udaletxeko plazan egiten den ekitaldia “parte hartzaileagoa” izanen dela iragarri du Maider Beloki kultura zinegotziak. “Konpartsako kideen ekitaldian antzerkia eta ikusleen parte hartzea izanen da, baita txikiendako sorpresaren bat ere”.

Gainera, Iruñeko Udalak ez du zezen plazako sarrerarik erosiko, eta hala, zezenketen kostua erdira jaitsiko da. Merenduetan ere aurrekontuak behera eginen duela iragarri du alkateak. Zezenketetako palkoari dagokionez, bi egunez joanen dira UPN, PSN eta Geroa Baiko zinegotziak, eta egun batez EHBildukoak. Txupinazoaren egunean Udaletxera joaten diren gonbidatu kopurua ere txikiagoa izanen da, eta ordezkari instituzionalez gainera, herri eragileetako kideei ere ateak irekiko dizkiete.

Egitarauak 459 ekitaldi biltzen ditu, eta haien artean %71 musika eskaintza izanen dira. Haurrek ere izanen dute nola gozatu, haiei bideratutako 81 ekitaldi prestatu baititu Iruñeko Udalak. Egitarauak euskaraz eta gazteleraz daude, 14.000 ale argitaratu dituzte, eta bi euroren truke eros daitezke liburu denda, turismo bulego edota Sarasate pasealekuko tonbolan. Diseinuan sanfermin parte hartzaileak irudikatu nahi izan dituzte. Horretarako, bestan parte hartzen duten hainbat herritar bildu dituzte, eta nork bere unetxo gogokoena zein den azaldu du esaldi baten eta irudi baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.