Ordenantza berria

Aldaketekin datoz aurten entzierroak

Ordenantza berria onartu du Iruñeko udalbatzak. Lasterketa oztopatzen duten jarrerak 3.000 eurora arteko isunekin zigortuko dituzte aurrerantzean.

Debekatuta dago zezenak ukitu eta haien atzetik korrika egitea. IDOIA ZABALETA, ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2014ko uztailaren 7a
09:50
Entzun

Arau-hauste oso larriak, larriak eta arinak jaso ditu araudiak. Entzierroa gurpilen gainean egitea eta korrikalariak arriskuan jartzea arau-hauste oso larritzat jo du. Zezenak ukitzea, sakelako telefono edo kamerak erabiltzea, gauzak botatzea eta ibilbidean geldi geratzea, berriz, arau-hauste larria izango da. 3.000 eurora arteko isunekin zigor daitezke jokaera horiek guztiak. 

Azken urteotan bezala, gainera, edanda edo drogen eraginpean dauden pertsonei galarazi egingo diete entzierroan parte hartzea. Hemezortzi urte beteak izatea nahitaezkoa da. Jokabide desegokiak errotik moztea da araudiaren asmoa. 

UPN, PP, PSN eta NaBairen babesa jaso du egitasmoak; Bildu, Aralar eta Ezkerra, berriz, abstenitu egin dira. Araudi berriak, oro har, zalantza franko eragin ditu korrikalarien eta adituen artean: batzuek uste dute etekin ekonomikoak ateratzea duela xede; beste batzuek, ordea, aldaketa handirik ez dakarrela, "ke laino bat" baino ez dela.

Hirugarren suziria, seiak plazan direnean

Araudi berria bere horretan aplikatzea "zaila" dela deritzonik ere bada; baita arazoa ez duela konponduko uste duenik ere. Ordenantzak, baina, ez du lasterketaren arriskua uxatzea lortuko, betikoa baitu. Hala, entzierroan parte hartzen duen orok derrigor bete beharko ditu zaintza eta segurtasuneko beharginen jarraibideak.

Ez da aldaketa bakarra, dena dela. Sei zezenak zezen plazan sartzean botako dute hirugarren suziria; orain arte, lehenbizikoa kortan sartzen zenean jaurtitzen zuten, nahiz eta gainontzekoak karriketan jarraitu. Entzierroaren berri, ostera, lau suziriren bitartez emango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.