Sortu zenetik lehen urteurrena bete duen egunean, euskal presoen egoerak ez duela hobera egin ohartarazi du Herrira mugimenduak. Horren erakusle ditu sakabanaketak eragindako azken istripua eta 197/2006 doktrinaren egoera. Doktrinak presoen eskubideak urratzen dituela Estrasburgok berak ohartarazi zuen arren, Espainiak espetxe zigorra luzatzen jarraitzen duela salatu du.
Martxoaren 20an aztertuko du gaia Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Ines del Rio presoaren egoeraren inguruko azken erabakia hartuko du, eta, Herrira-ren esanetan, berebiziko garrantzia izango du ebazpen horrek, 197/2006 doktrinaren zilegitasuna gain behera bota dezakeelako betiko.
Doktrina ezabatzea ezinbestekoa dela dio Herrira-k, eta horretan indar egiten saiatuko da. Euskal gizartearen gehiengoak horixe nahi duela seguru dago, eta aldarri hori ikusarazten saiatuko da Estrasburgon.
Horretarako, indarrak batu nahi ditu; mezu bateratua eman. Beraz, “ekitaldi bateratu bat” adosteko asmoz, alderdi guztiekin eta gizarte eragileekin bilduko da presoen eskubideen aldeko mugimendua. “Prest gaude ekimenen xehetasunak malgutasunez adosteko, mezua ahalik eta adostasun handienarekin eramateko Europara”, adierazi du Herrira-k.
Euskal presoak
Aldarri bateratua eraman nahi du Herrira-k Estrasburgora
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak martxoaren 20an egingo du Ines del Rio presoari 197/2006 doktrina egoki ezarri zaion erabakitzeko saioa. Bertan izango da Herrira, Euskal Herriko gehiengoaren nahiaren berri emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu