«Aldarrikapen bakoitzak haize freskoa eramaten du ziegatara»

Etxerat-en arabera, hurrengo astean bisitarik ez egitea espetxe politika salatzeko modu bat da

Etxerat-eko kideak, Estibalizen (Araba) egin zuten batzarrean. R. BOGAJO / ARP.
Arnaitz Lasarte.
2011ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Etxerat presoen senideen elkarteak igarri du azkenaldian jende gehiago mobilizatu dela preso eta iheslarien eskubideen alde. Hiriburuetan, herrietan, auzoetan indarrak batu egin dira Egin Dezagun Bidea abian jarri zenetik. Eta, indar metaketa horretan sinesten dutenez, presoen senideak ere Bilbon izatea erabaki dute urtarrilaren 7an, Egin Dezagun Bideak antolatu duen manifestazioan. Ez dira kartzeletara joango senideak bisitatzera. «Guk ereBilbon egon behar dugu», aitortu digu Etxerat elkarteko bozeramaile Mattin Troitiñok. Senideen arabera, bi interpretazio posible ditu hurrengo astean presoen senide eta lagunak bisitatzera ez joateak. «Batetik, manifestaziora joan nahi dugu, euskal gizartearekin batera egon nahi dugulako gure senideen eskubideak aldarrikatzen. Baina, Bilbon egotea, espetxe politika salatzeko beste modu bat ere bada». Troitiñok gogorarazi du sakabanaketa politikak, besteak beste, 16 pertsona hil dituela, 400 istriputik gora eragin, gastu ekonomikoa izugarria eragin duela, eta kalte fisiko eta psikologiko handia.

Gainera, Bilbon egingo den gisako mobilizazio jendetsuek ziega guztietara haize freskoa eramaten duela uste du. «Gure senide presoek benetan eskertzen dute milaka pertsona beraien eskubideen defentsan kalera ateratzea. Ez mobilizazio handiak soilik, asteroko elkarretaratzeak ere asko eskertzen dituzte».

Troitiñoren esanetan, senideak jakitun dira presoen egoera ez dela kolpean aldatuko. «Amnistia ez da egun batetik bestera lortuko, pixkanaka lortuko dugun zerbait izango da, urratsez urrats». Izan ere, Espainiako gobernua «itxita» ikusten du oraindik Etxerat elkarteak, eta uste du espetxe politika ahalik eta beranduen indargabetuko duela. «Espainiako Gobernuak ez digu sekula ezer oparitu; orain ere ez digu ezer oparituko». Troitiñoren ustez, «garrantzitsua da euskal gizarteak Espainiako zein Frantziako gobernuari presioa egitea»; horrela, estatuen pausoak «behartuak» izango dira.

Etxerat elkarteakherritar guztiak urtarrilaren 7ko manifestaziora gonbidatu ditu. Bide horretan, merkatariei, eragileei eta taldeei egun horretan iragarritako jarduera ekonomiko zein kultural guztiak bertan behera uzteko gonbita egin die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.