Aldarrikapenek bustitako adinekoen eguna

Adinekoen egunaren harira, egoiliarren eta langileen egoera salatu dute sindikatuek eta familien elkarteek. Urriaren 6ko manifestaziorako deia egin dute.

Elkarteen eta sindikatuen elkarretaratzzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean. LAB
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 1a
13:28
Entzun

Pandemiak erdigunean jarri ditu adineko pertsonak, gaitza gehien pairatu duen gizataldea baitira. Era berean, ordea, askok salatu dute pertsona nagusiak bazter geratu direla eta ahaztuak izan direla. Hain zuzen ere, urriaren 1ean, adinekoen egunean, horixe bera salatu dute Gipuzkoako Senideak, Irauli Zaintza eta Duintasuna taldeek eta ELA eta LAB sindikatuek. Gipuzkoan oraindik «asko» dagoela egiteko adieraziz, egoitzen urriaren 6ko manifestaziora lotzeko deialdia egin dute.

«Etengabe eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari egoiliarren eskubideak errespeta ditzan», adierazi du Xabier Pierruges Gipuzkoako Senideak elkarteko bozeramaileak. Salatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dituela betetzen Eusko Jaurlaritzaren protokoloak, zentro askotan egoiliarren irteera orduak murriztuz. Bat etorri dira gainontzeko elkarte eta sindikatuak ere. Salatu dute pandemiako galera guztiak izanda ere (berrehun heriotzatik gora eta ehunka kutsatu) Gipuzkoako Foru Aldundiak zein enpresek ezer ez dutela egin.

Elkarte zein sindikatuek «adinekoen egoitzen sistemaren porrota» jarri nahi izan dute mahai gainean. Haren hitzetan, egoiliarrak ez dira egoeraren kaltetu bakarrak; lantaldeak «murritzak» direla adierazi dute, eta hala ohiko lan kargak areagotzen zaizkiela, eta pandemiak erakutsi duela langile gehiagoren falta dagoela. Senideen elkarteek eskatu dute Foru Aldundiak alderdi guztiekin eztabaidatu dezala, arazoa konpontze aldera.

Gainera, ELA eta LAB sindikatuek bat egin dute urriaren 6rako egindako manifestazio deialdiarekin, «lan baldintza duinak eta sektorearentzako hitzarmen bat» lortzearen alde. Adinekoek kalitatezko zerbitzua eta langileek lan baldintza duinak izan arte borrokan jarraituko dutela adieraziz amaitu dute kontzentrazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.