Ekimen zehatzak adostu nahi dituzte estatus politiko berri bat lortzeko bidean. EAJk, bere aldetik, gainontzeko taldeei adierazi die autogobernu lantaldearen bilerak "osatzeko" alde biko zenbait bilera egiteko prest dagoela, alderdi ezberdinen arteko elkarguneak bilatzeko.
Gaurko saioa ordu eta erdikoa izan da. Hurrengoa hilaren 17an egingo dute, eta PSE-EEren proposamena aztertuko dute. Bi astetik behin elkartzeko asmoa dute; hala, aste santua baino lehen amaitutzat eman nahi dituzte alderdi bakoitzak aurkeztutako dokumentuen inguruko bilerak.
Galdeketei, ezezkoa
PPko Antton Danboreneak adierazi du ez duela uste "ezer baikorrik" aterako denik lantalde horretatik. "Hemengo guztiok ez gaude legearekiko eta konstituzioarekiko errespetuan. Oso zaila da lantalde honetatik ezer baikorrik ateratzea, ez badira joko arau demokratikoak onartu ere egiten". EH Bilduren Herritarrak Ahalduntzeko Legearen egitasmoari egin dio erreferentzia, horrela.
UPDko Gorka Maneirok adierazi du "pozik" dagoela, ez EH Bilduk ez EAJk ez dutelako haien proposamenekin bat egin, eta euren proposamenak "ondo bideratuta" daudela frogatzen ei duelako horrek.