Pello Urizarrek eta Patxi Zabaletak aldebakarreko prozesu independentista baten baliotasuna aldarrikatu dute Euskal Herriarentzat, naziorik gabeko estatuetako hainbat alderdik osatzen duten ALE Europako Aliantza Libreak erabakitzeko eskubideari buruz Europako Parlamentuan antolatutako mintegi batean.
EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du “Espainiako Estatuaren gabezia demokratikoek” ez dutela bide ematen akordiorako, “Madrilek beto eskubidea izango lukeelako”. “Hitzartutako bidea da egokiena, Eskoziakoa bezala. Hala ere, uste dugu bide hori ezinezkoa dela Euskal Herrian, Espainiako Estatuak dituen gabezia izugarriengatik”. Bide horretatik akordio bat lortzeko ahalegin guztiek “porrot” egin dutela nabarmendu du Urizarrek.
Horiek hala, aldebakarreko bidea defendatu du EAkoak, “zilegi delako —herritarren babesa badu— eta bide bakarra delako Euskal Herriaren kasuan”.
Era berean, eta Euskal Herriko egungo zatiketa administratiboa kontuan hartuta, proposamena zehaztu du Urizarrek. Hala, adierazi du Hego Euskal Herrian “instituzio komunak” sortu behar direla lau lurraldeetako herritarren “beharrei” erantzuteko. Iparraldean, berriz, hiru lurraldeak “entitate bakarrean” bildu behar direla.
Beste Europa bat
Urizarrek bezala Aralarreko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak ere aldebakarreko bidearen baliotasuna azpimarratu du. Ohartarazi du Eskoziaren kasuan Erresuma Batuko gobernuak bestelako jarrera daukala. “Britainia Handian gobernu zentralak ikuspegi demokratikoa du, eta erreferenduma nola egin ere adostu du Eskoziarekin, baina Espainiako Estatuko gobernu zentralak gerra eraso bezala hartu du Kataluniakoa”.
Horren harira, Zabaletak esan du Katalunian edo Eskozian hurrengo hilabeteetan gertatuko denak eragina izango duela Euskal Herrian eta Europa osoan. “Eragina izango du herrien edo nazioen Europaren osaketan. Nazioen Europa horrek egungo osaketa eta egituraketa gainditu behar du”.
Beste herri batzuetan gauzatzen ari diren prozesuek Euskal Herrian eragina izango dutela aitortu arren, Zabaletak adierazi du Euskal Herriak badituela "berezitasun propioak”, lurraldetasunari dagozkionak, bereziki. “Argitu beharko dugu Nafarroak osatzen duen erabaki esparruan nola gauzatuko den erabakitzeko eskubidea, nola gauzatuko den erabakitzeko eskubidea Iparraldean osatzen ari diren lurralde ordezkaritzaren esparruan, nola egingo diogun aurre erronka horri EAEn... Horiek guztiak erantzun zaileko galderak dira, eta arreta handia sortzen dute; Eskozian eta Katalunian gertatuko denak galdera horiek erantzuten lagunduko du”.