Ezker abertzalearen eztabaida

Aldebakarreko urratsekin jarraituko du ezker abertzaleak, aldebikoak eragin arte

Duela bi urte Zutik Euskal Herriarekin abiatutako bidean sakontzea erabaki dute ezker abertzaleko militanteek, herriz herri egindako batzarretan. Zutik Euskal Herria zehazten izeneko txostena osatu dute eztabaidaren ondorioekin. BERRIAk dokumentua eskuratu ahal izan du, eta biharko egunkarian zabalago emango du. Han ezker abertzaleak dio alde bakarreko urratsak ematen jarraituko duela, harik eta Estatuak ere urratsak ematera behartu arte, eta aldebiko pausoak eragin arte.

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko urriaren 14a
19:01
Entzun

 

Ezker abertzaleko kideak jakitun dira Estatuen jarrera ez dela baikorra, baina ez dute geldirik egoteko asmorik: “Estatuak bere blokeo estrategian tematuta jarraituz gero, guk Herri gisa alde bakarreko urratsak eginez jarraituko dugu, Estatuari Akordio Demokratikoa egiteko eskua etengabe luzatuz eta bide batez Euskal Herrian gero eta gehiengo zabalagoak osatuz. Estatuaren itxikeria erabatekoa dela ikusita, eta Euskal Herrian oso gehiengo zabala osatuta, alde bakarreko urratsak eginez jarraituko dugu, noizbait beharrezkoa baldin bada, alde bakarreko independentzia adierazpena egin arte”.

Prozesu Demokratikoa da ezker abertzalearen irudiko  gatazka konpontzeko tresna. Estrategia independentistaren aurreneko fasean kokatzen du prozesu hori, “estrategia osoaren garapenaren baitan ulertu behar dugu”. Prozesu Demokratikoaren baita, hiru fase argi daudela ere badio txostenak: minimo demokratikoak eskuratzekoa izango da aurrena; Euskal Herriko eragile politikoen arteko elkarrizketa eta negoziazioaren bitartez Akordio Demokratikoa lortzekoa, bigarrena; eta Estatuek Akordio Demokratikoa aitortzen eta errespetatzen dutenean egonkortuko den marko demokratikoa, hirugarrena.

Negoziazioaren erabilera orain artekoaren modu desberdinean ikusten du ezker abertzaleak. “Orain negoziazioa ez da helburu bat. Ez gara borrrokatzen noizbait Estatuekin negoziatu ahal izateko, baizik eta negoziatuz ere borrokatzen ari gara. Gauzak horrela, negoziazioa gure ildo osoaren mesedetan erabiltzen jakin behar dugun beste tresna bat da”. Negoziatzekotan, gizarteari eta nazioarteko komunitateari begira negoziatuko duela dio; “ez bere aurrean eserita dagoen estatuari begira”.

Ezker abertzaleko kideek argi dute estrategia independentista jarraitu behar dutela, eta honakoak jotzen dituzte tresna nagusiak: aliantza politiko instituzionalak, aliantza sindikalak, herri mugimendua eta ezker abertzale eraberritua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.