Lehendakariaren alderdikide Jose Antonio Rubalkaba parlamentarioak Ibarretxeren proposamena "eztabaidarako abiapuntua" dela azpimarratu du, eta hori mahai gainean dutelarik, orain dela garaia alderdi bakoitzak bere ekarpenak egiteko gogorarazi du. "Testua mahai gainean dutela esan dezatela idatziz, zer duten gustuko eta zer ez. Eztabaida dezagun denok. Alderdi sozialistak bere proposamenak baditu azaldu ditzala hor", azpimarratu du Rubalkabak.
PSE-EEri ezezik Sozialista Abertzaleak taldeari ere egin dio erreferentzia Rubalkabak, eta ekarpenak egiteko eskatu die bi alderdi horiei. PPri, berriz, ez dio ikusten elkarrizketarako biderik EAJko parlamentarioak.
SA: "Lehendariak eman zigun erantzuna oso bortitza izan zen"
Jone Goirizelaia SAko parlamentarioak Rubalkabaren hitzei erantzun die, eta elkarrizketa atzeragotik abiatuko beharko lukeela esan du. Mahai gainean proposamena jarri behar dela alde guztiekin azpimarratu du Goirizelaiak, "onartuko den proposamenak babes zabalagoa izan dezan". SAko parlamentarioa kexu agertu da Arnaldo Otegik Ibarretxeri egindako eskaintzari emandako erantzun ahulagatik.
"Eskaintzak horrek autodeterminazio eskubidearekin eta herri galdeketarekin lotura dauka, eta gure harridurarako, lehendakariaren erantzun oso bortitza izan da, guztiz testuingurutik kanpo eta gainera gure eskaintzari ez zion inolako erantzun garbirik eman", nabarmendu du. Bestalde, PP eta PSE-EEri "eskaintzarik ez egin arren" erantzunak eman zizkiola adierazi du Goirizelaiak.
EB-IU: "Konbentzituagoak gaude atxikipen askeko federalismoa dela egokiena"
Mikel Arana EB-IUko Batzorde Eragileko kideak esan du atzo aurkeztutako oinarriekin ados daudela baina hala ere, euskal gizartearentzat egitasmo egokiena bere alderdiak eskaintzen duena dela azpimarratu du. "Zailtasunen gainetik Ezker Batuak atxikipen askeko federalismoa defendatzen jarraituko du. Inoiz baino konbentzituagoak gaude atxikipen askeko federalismoa dela euskaldun guztientzako integrazioa lortuko duen proposamenik egokiena", adierazi du.
EA: "Hau izan da Mayor Orejaren azken guda politikoa"
Rafa Larreina Eusko Alkartasuneko Antolakuntza idazkariaren esanetan, PPrekin ez dago zereginik, baina PSE-EErekin elkarrizketa bideak zabal daitezkeela. Atzo eztabaida parlamentarioan Jaime Mayor Orejaren "azken ahalegin politikoa" ikusi zuela esan du Larreinak. Patxi Lopez PSE-EEko idazkariaren hitzaldian, berriz, "gauza berri gutxi eta izatekotan atzerapausua" ikusi zuela nabarmendu du Larreinak. "Uste dut hau izan dela Mayor Orejaren azken guda politikoa, bere heriotza politikoaren ondotik. Lopez formalki hitzaldi ona egin zuen, baina edukiz betikoa, edo izatekotan pausu bat atzera", esan du.
Aralar: "Ez zuen hitz egiten estatusari buruz, baizik eta Estatutu berri bati buruz"
Patxi Zabaletak Aralarrek gaur zortzi egingo duen batzarraren aurkezpean hitz egin du Iruñean eta esan du Ibarretxek behintza "zalantza bat argitu" duela. Bere plana autodeterminaziora zuzendua ote zegoen edo soilik Estatutuaren berritzera zuzendua zegoen zen Zabaletaren zalantza, "eta ikusi da bigarrenari heldu diola" nabarmendu du. "Zehaztu egin du bere proposamena Estatutuaren aldaketa batetara, alegia, atzoko hitzaldian ez zuen hitz egiten estatusari buruz, baizik eta Estatutu berri bati buruz. Guk uste dugu hori dela azpimarragarria", azaldu du.
Sozialista Abertzaleak taldearen jarrera azpimarratu du Zabaletak, "alde positibotik Ibarretxeri proposamena egiteko zilegitasuna aitortu ziotelako".
Ibarretxe planaren eztabaida Eusko Legebiltzarrean
Aldeko eta aurkako iritzi ugari izan dira atzoko aurkezpenaren biharamunean
Erreakzio ugari izan dira atzo Eusko Legebiltzarrean Ibarretxek eginiko aurkezpenaren ondotik etorritakoak. Radio Euskadiko tertulian izan dira alderdi politikoetako ordezkarietako batzuk. EAJko parlamentarioa Jose Antonio Rubalkabak Ibarretxe plana irmo defendatu, SAko Jone Goirizelaiak euren eskaintzari emandako "erantzun eskasa" kritikatu du, EB-IUko Mikel Aranak atxikipen askeko federalismoa defendatu eta Aralarreko Patxi Zabaletan "Estatutu berri batez" hitz egitea egotzi dio Ibarretxeri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu