'Cabacas auzia'

Aldekoak azalpenak ematea saihestu dute EAJk, PSEk eta PPk

Iñigo Cabacas hil zuten eguneko polizia operatiboko buruaren agerraldia eskatu zuen EH Bilduk.

Estefania Beltran de Heredia, gaur, Gasteizen. JUANAN RUIZ, ARP
J. Sagarzazu
2013ko abenduaren 16a
18:50
Entzun

Iñigo Cabacas hil zuten eguneko polizia operatiboko buru Jorge Aldekoak azalpenak eman ditzala eskatuz EH Bilduk Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean eginiko eskaera atzera bota dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Aldekoaren beraren eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren agerraldiak eskatu zituen Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak, baina batzordean gaur eginiko saioan ez da bietako inor izan, Batzordeko Mahaiak iritzi diolako haien parte hartzea ez zela “beharrezkoa”. Aldekoak legebiltzarrean azalpenak ematea ere baztertu du batzordeak, eta kasu horretan ere EAJk, PSE-EEk eta PPk batu dituzte euren botoak.

Arzuagak gogor salatu du hiru alderdi horien jarrera. “Beto politikoa” ezartzea leporatu die, eta erabaki horrekin “zer ezkutatu” nahi duten galdetu die. Arzuagak gogoratu du Cabacasen auziarekin lotuta bi agerraldi baino ez direla egin Eusko Legebiltzarrean; aurreko Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresena eta egungo Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediarena. Gogoratu du Jorge Aldekoak ez duela inoiz azalpenik eman, ez Bilboko polizia etxeko burua zenean, ez Ertzaintzako zuzendari gisa —azaroan izendatu zuten kargu horretarako—. Gogoratu du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak berak aitortu duela Aldekoak egun hartako operatiboaren antolaketan eta diseinuan parte hartu zuela, baina ez duela zehaztu noraino iritsi zen bere ardura operatiboaren garapenean eta kontrolean. Hori argitu asmoz eskatu zituen Aldekoa eta Beltran de Herediaren agerraldiak EH Bilduko legebiltzarkideak.

EAJk, PSE-EEk eta PPk Mahaian hartutako erabakia babestu dute, Batzordean araudira “egokitu” direlako, eta “betoa” denik ukatu dute. “Gertatzen dena da batzuk ez daudela ohituta gehiengo eta gutxiengoen jokora”, esan du Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak. Argudiatu du Arzuagak aipatutako bi agerraldi horietan “nahikoa informazio” eman zela eta polizia operatiboari buruz ere hitz egin dela Eusko Legebiltzarrean. Auzia epaitegian dagoela azpimarratu du eta kasua legebiltzarrean aztertu eta eztabaidatzeak ez duela “laguntzen” prozesu judizialean. Era berean, EH Bilduri leporatu dio auziaren “erabilera politikoa” egitea, Ertzaintzaren eta Aldekoaren “izen ona” zikintzeko.

Azaroaren 21ean hiru alderdi horiek eta UPDk atzera bota zuten auziari buruz Eusko Legebiltzarrean Ikerketa Batzorde bat osatzeko eskaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.