Jorge Aldekoa Ertzaintzako buru nagusi izendatu berritan, Iñigo Cabacas zenaren senitarteko eta lagunek adierazi dute "ulertezina" eta "onartezina" dela gaztea hil zen egunean Ertzaintzaren Bilboko arduradun nagusi zena halako kargu baterako izendatzea. Izan ere, haien esanetan, "oker larriak" egin zituen, eta horiek "ondorio larriak" ekarri zituzten.
Senitartekoen ustez, izendapenak erakusten du Herrizaingo Sailak "desberdin" tratatzen dituela biktimak, eta gaineratu dute izendapenak familiaren eta lagunen "sentsibilitatea" urratzen duela.
Horregatik, izendapena "berriro pentsatzeko" deia egin diote Jaurlaritzari. Aldekoari berari eskatu diote ezen, izendapena baieztatzen bada, "benetan engaia" dadila Cabacasen heriotza argitzeko lanean. "Badakigu ikerketetan eta Iñigo hil ondorengo erabakietan parte hartze zuzena izan zuela".