Alderdi abertzaleek azalpenak nahi dituzte. Espainiako zerbitzu sekretuek (CNI) alderdi politiko abertzaleetako ordezkariak zelatatu dituzten edo ez jakin nahi dute, eta azalpenak emateko eskatuko diote Espainiako Gobernuari.
Batetik, Amaiurrek, Soraya Saenz de Santamaria gobernuko ordezkariak Konstituzio Batzordean agerraldia egitea nahi du, zelatatze horiek izan diren edo ez azaltzeko, eta izan badira haren inguruko xehetasun eta esplikazioak emateko. EAJk, bestetik, CNIko buruari eskatuko dizkio azalpenak, bihar bertan.
El País egunkariak igandeko edizioan berri eman zuen Ameriketako Estatu Batuek Espainia zelatatu dutela, baita CNIk hainbat abertzaleren espioitza egin duela ere, «modu iraunkorrean». Informazio horien arabera, epaileen baimenarekin egiten ditu zelatatzeak CNIk, eta hiru hilean behin berriztatzen dituzte baimen horiek.