Politika

Alderdi abertzaleek ETA garaitzeko "interesik ez" dutela dioen ponentzia onartu du EAEko PPren kongresuak

Antonio Basagoiti EAEko adarreko presidente hautatu dute ordezkarien %82,3k, atzo eta gaur artean Bilbon egin duten bilkuran.

2008ko uztailaren 12a
19:16
Entzun
"EAJk eta beste alderdi abertzaleek ez dute ETA garaitzeko interesik", dio Euskal Autonomia Erkidegoko Alderdi Popularraren kongresuak -hamabigarrena- gaur onartu duen ponentzia politikoak. PP atzo eta gaur artean aritu da lerro politikoak finkatzen, eta ordezkariek EAEko adarreko presidentea hautatu dute.

Espero zen bezala, Antonio Basagoiti izango da postu hori beteko duena. Hautagai bakarra zen, eta Bilbon bildutako ordezkarien %82,3k eman diote beren sostengua. Emandako 343 botoetatik 284 eskuratu ditu; 61 ordezkarik zuri bozkatu dute, eta bi boto baliogabe izan dira. Espainiako PPko buruzagiekiko ezadostasunengatik buruzagitza utzi duen Maria San Gilen lekua hartu du horrela Basagoitik.

EAEko PPko idazkari nagusi ohiak -zuzendaritza berriko kide hautatu dute- Carmelo Barriok nabarmendu du zuzendaritza berriak militantziaren eta boto-emaileen konfiantza irabazteko lan egin beharko duela aurrerantzean. "Orain Antonio Basagoitik lan ona egin behar du, eta batzuk hori hala izan dadin elkarlanean ariko gara".

Ponentzia politikoari dagokionez, zenbait aldaketa jaso zituen atzo, ordezkariek aurkeztutako emendakin batzuk onartu ostean. "Borroka antiterroristan alderdi nazionalistek jartzen dituzten oztopoak salatu" egiten ditu.

Alfonso Alonsok -Gasteizko alkate ohia- testua defendatzeko egin duen hitzaldian esan duenez, emendakin horiek "sendotu" egiten dute PPk "terrorismoaren kontrako borrokan duen rola", eta "ETA menperatzeko EAJren eta alderdi nazionalisten interes eza salatzen" du.

Buruzagiaren iritziz, poentziak EAEko PPren "nortasun ezaugarriak" jasotzen ditu, hala nola "askatasunaren eta Espainiaren ideiaren defentsa".

Halere, zehaztu duenez, beren programa politikoa garatzeko tenorean "gizartearen errealitatearekin bat eginda" jokatu behar dute, "mundu guztiarekin hitz eginez". "Bide zaila da, baina PPk hori egitea espero du gizarteak".

Basagoitiz mintzo, "betikoa ordezkatzen du, baina beste modu batera adierazita", azaldu du Alonsok, haren hautaketaren aurretik.

Ponentzia ekonomikoaren kasuan, ordezkari eskuindarrek aho batez jokatu, eta halaxe onartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.