Sabin Intxaurraga Eusko Alkartasuneko kide eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak "zaila" ikusten du Aralarren proposamena aurrera ateratzea. "EA Europako azken hauteskundeetan ERCrekin joan da, eta oraingoan ere hori da gure asmoa. Nik ez nuke gaizki ikusiko Batzarre, Aralar, Zutik eta Batasunaren inguruko zenbait sentsibilitate gure zerrendetan sartzea", azpimarratu du Intxaurragak. EAko kideak ez du sartu EAJ multzo horretan, "EAJ bere bidetik" doalako eta CIU eta BNGrekin joateko asmoa agertzen ari delako. "Nik ez diot aukera handirik ikusten eskaintza horri", zehaztu du.
Ezker Abertzaleko ordezkari Pernando Barrenaren esanetan, eskaintza horren helburua "ezkerreko abertzaleon polo bat sortzea bada", eskaintza horren inguruan hitz egitearen alde agertu da. Hala ere, harriduraz hartu du Aralarren proposamena. "Espainiako hauteskundeetarako balio ez zuenak, orain Europarako balio al du bada?", galdetu du. Barrenaren ustez, Aralarren jarrera hori martxoan lortutako emaitza txarren ondorio da, ez duelako lortu ezker abertzaleko botoa bereganatzea. Halaber, EAJk CIU eta BNGrekin akordioa egitea lehenestea "kezkagarria" dela azpimarratu du.
Markel Olanok adierazi du EAJk hiru kontaktu izan dituela; bata eta lehenengoa EArekin, bigarrena Nafarroa Bai-rekin eta hirugarrena CIU eta BNGrekin. "Horiek dira EAJk eman dituen urrats estrategikoak. Gure lehen urrats objetiboa EArekin hitz egitea izan da, eta elkarrekin joateko aukera badago aurrera, baina EAk ERCrekin joateko asmoa du", azpimarratu du. Ildo horretatik, Aralarrek egindako eskaintza "berez ona" dela nabarmendu du, "baina une honetan dauden baldintzak ez dira hoberenak horrelako koalizio bat egiteko". Olanoren arabera, ezker abertzaleak ez du oraindik erabakia politikoki zein den bere tresna, eta "hori gabe, akordioetara iristea ez da bideragarria", zehaztu du.
Aginte berria Espainian
Espainiako komunikabideek gaur kaleratu dutenez, Maria Teresa Fernandez de la Vega izango da Espainiako Gobernuko presidenteordea. Lehen aldia izango da emakumezko batek kargu hori beteko duena, eta Zapaterorekin aldaketa ikusten ote duten galdetu diete solaskideei.
Sabin Intxaurragaren arabera, aldaketa sumatzen da, eta harreman instituzionaletan hobekuntzak ematean "ez da zaila". "Harreman onak izatea beste kontu bat da, baina harreman normalizatuak izatea gutxienekoa da", azpimarratu du.
PPk hauteskundeak galduta euskal gizarteak lasaitasuna sentitu duela azpimarratu du Barrenak. "Une honetan itxaropen handiko aro politikoa zabaldu da Euskal Herrian, baina PSOErekin prebentziorako joera hartu behar da. PSOEk aukera handia du euskal gatazkari enfoke politikoa emateko, eta biolentzia politikoa iraganeko kontu bat bihurtzeko", azpimarratu du Barrenak. Halaber, Zapaterok "ausarta" izan behar duela eta PPren "itzaletik atera" egin behar dela adierazi du.
Ramon Etxezarreta PSE-EEko kidearen ustez, PSOE ohartu da "PPren nazionalismo ikaragarriaz, eta horri buelta eman behar zaio, Espainia plurinazionala aldarrikatuz". Horretarako, Kataluniako Gobernua "eredugarria" dela gogoratu du, baina Euskal Herrian handicap bat dagoela, ETAren borroka armatua. "ETAk erreakzio negatiboak sortzen ditu Espainian eta Euskal Herrian", zehaztu du.
Arana: "Keinu bat presoak gerturatzea izan daiteke"
Mikel Arana EB-IUko kidearen ustez, indarkeriak "presidenteak jarri eta kendu" egiten ditu. "Aznarrek ETAren indarkeriari esker lortu zuen gehiengo osoa, eta orain Al Kaedarekin galdu egin du", azpimarratu du. Aranaren arabera, Zapaterok "egoera zaila" du, "PSOE bere hitzen gatibu" delako. "Zapaterok egin dezakeena keinu bat besterik ez da, eta da presoen gerturatzea", zehaztu du. Autodeterminazioaz hitz egiten hasteko goizegi dela esan du etaZapaterori "denbora ema behar" zaiola.
Politikoen solasaldia
Alderdi abertzaleetako ordezkariek begi onez ikusten dute Aralarren eskaintza, baina une honetan ez zaie bideragarria iruditzen
Eusko Alkartasuneko Sabin Intxaurraga, Batasuneko Pernando Barrena eta EAJko Markel Olano bat etorri dira Aralarrek Europako Legebiltzarreko hauteskundeetara koalizioan joateko egindako eskaintzarekin, baina hiruek ez dute une honetan bideragarri ikusten aukera hori, Euskadi irratiko solasaldian adierazi dutenez. Planteamendua "berez ona" dela esan du Olanok, Barrena "hitz egitearen alde" dago eta Intxaurragak EAJ BNG eta CIUrekin joango dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu