Alderdi eta sindikatuak, Garoña irekitzearen aurka

2014ko maiatzaren 20a
17:00
Entzun

Eusko Legebiltzarrak Garoñaren balizko lizentzia berriaren aurka egite nahi du PSE-EEk, eta eskaera erregistratu du gaur, Txarli Prieto idazkariak ohar bidez jakinarazi duenez. Gaia ekainan eztabaidatua izan dadila nahi dute sozialistek, baita Eusko Legebiltzarrak gaiarekiko bateko edo besteko jarrera har dezan ere, beti ere, "CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak  eta Espainiako Gobernuak erabakiren bat hartu baino lehen".

"Gobernu sozialistak itxi zuen Garoñako zentral zaharkitua, ez delako beharrezkoa, eta ez duelako herritarrak asaldatzeko besterik balio, eragiten dituen segurtasun kezkak direla eta". Horregatik, Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari baimenik ez emateko eskatzea nahi dute sozialistek.

Nafarroako EH Bilduk ere beste eskaera bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, Garoña berriz irekitzearen aurkako "erabateko arbuioa" eskatzeko. Horrez gain, Espainiako Gobernuari eta Industria, Energia eta Turismo ministeritzari hura berriz ez irekitzeko eskatu nahi diote. "Irekierak, gainera, Nafarroaren ekonomiaren oinarrietako biren aurka zuzenean egingo luke, nekazaritza eta Ebroko arroko nekazal industriaren aurka batetik, eta energia berriztagarrien sektorearen aurka".

Garoña berriz zabalduz gero, Endesa eta Iberdrola enpresekin dituen harremanak eteteko eskatu dio EH Bilduko legerbiltzarkide Dani Maeztuk. Enpresa horiek herritarrei "mespretxuz" erantzuten diela dio Maeztuk, hura irekitzen tematzen baitira. Maezturen ustez, "oso arriskutsua" litzateke Garoña berriz irekitzea; are, justifikaziorik ez duen neurria dela salatu du, "eskaintza energetikoa eskaria baino askoz handiagoa baita". "Haize errotak geldirik dituzten parke eolikoak ikusi besterik ez da egin behar", esan du.

Pedro Azpiazu EAJren diputatuak zentrala "berehala" desegiteko beharra azpimarratu du. "Guretzako albiste txarra da, uste genuen Garoñaren gaia pasata zegoela, eta Espainiako Gobernua ere konturatuta zegoela zentral zaharkituak ez diola inolako ekarpenik egiten energia elektrikoaren ekoizpenari". Azpiazuk gogoratu du Garoñaren inguruan bizi diren herritar guztiek jartzen dutela zalantzan, "baita EAEko PPk ere".

Javier Maroto Gasteizko alkateak (PP) adierazi du Garoña irekitzearen aurkakoa dela, nahiz eta ez izan hori ordezkatzen dudan alderdiaren jarrera. "Iritzi pertsonala da, hiritar gisa diodana, baina baita Gasteizko alkate gisa ere".

ELA sindikatuak ere herritarrentzat eta ingurumenarentzat izan dezakeen "arriskua" nabarmendu du, baita diru publikoarentzako "zuloa" izango dela salatu ere. Sindikatuaren ustez, Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuak "nahi duten guztia" eman diete Iberdrolari eta Endesari, horiek ez baitzuten onartu CSNk eskatutako segurtasun neurrien kostua ordaintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.