Arabako ahaldun nagusi Ramon Rabanerak "Ertzaintzari elkartasun osoa" adierazi dio. Rabanerak Santiago Ospitalean dagoen ertzaina bisitatu ondoren azpimarratu duenez, "nire esku dagoen edozein gauzetan laguntzeko prest nago".
Ertzaintzari elkartasuna adierazi dio EAk
Eusko Alkartasunako bozeramaile Onintza Lasak bart gauen Herrera mendatean izandako tiroketa gaitzetsi du. "Horrelako gertakariek ez dute ezer positiborik ekartzen. Atentatuek soilik mina eta samina dakarte; galera zein ondorio lazgarriak eragiten dituzte. Indarkeriak hori bakarrik eragiten du". "Larriki zauritutako ertzainei zein ertzain guztiei elkartasuna" adierazi die Lasak. Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuaren arabera, "horrelako ekintzek Euskal Herriaren aurka diharduten pertsonei laguntza eman besterik ez dute egiten".
PSE-EEko bozeramaile Rodolfo Aresek ere Herrerako gertakariak gaitzetsi ditu. "Euskal sozialistek Ertzaintzak ETAren aurkako borrokan egindako lana nabarmendu nahi dugu. Alderdi politikoek izan ditzazkegun ezberdintasunak alde batetara utzita, euskal gizarteak Ertzaintzak egiten duen lanari babes osoa adierazi beharko lioke".
Tiroketa Herrera Mendatean
Alderdi politiko gehienen gaitzespena jaso du ustezko atentatuak
Bart gauean Herrera mendatean izandako tiroketak alderdi politiko gehienen gaitzespena jaso du. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Jon Imazek adierazi duenez, "atentatu saiakerak ez gaitu harritu; aspalditik dakigu Ertzaintza ETAren jomugan dagoela". "Ertzaintzaz gain euskal gizarte osorako mehatxua da ETA ; Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna ETArekin amaitzea da", nabarmendu du Imazek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu