Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien balorazioak

Alderdi Popularrak ez du lortu hiru diputaturen langa gainditzea EAEn

Hala ere, pozik agertu da Basagoiti, PSErekiko aldea gutxitu eta «Amaiurren enbatari» eutsi diolako

Antonio Basagoiti, EAEko PPko presidentea, bart gauean, hauteskundeen emaitzez balorazio baikorra egiten. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Euskadiko Autonomia Erkidegoko Alderdi Popularrak ez du etekinik atera Espainian nagusitu den marea urdinetik, eta duela lau urte lortu zituen hiru diputatuak berrestearekin konformatu behar izan du.

Diputatu bat zeukan PPk Araban,bat Bizkaian eta bat Gipuzkoan, eta hala izango du aurrerantzean ere, Alderdi Popularrak datu horiek hobetzeko esperantza bazeukan ere, alderdiak Espainian aurreikusten zuen gorakadaren tiradizoa baliatuta. Gehiengoa absolutua eskuratu du PPk Espainian, baina EAEn ez du gorakadarik izan.

Portzentualki, Araban baino ez du gora egiten PPk, duela lau urteko datuekin alderatuta: botoen %27,17 eskuratu ditu, eta lehen, %26,54 zeukan. Bizkaian, berriz, botoen %17,77 lortu ditu (%18,40 duela lau urte), eta Gipuzkoan, %13,7 (%14,60 duela lau urte).

Amairurren «enbata»

Hedabideen aurrean egindako agerraldian, ordea, Antonio Basagoiti Alderdi Popularreko buruzagia pozik agertu da Espainian bere alderdiak gehiengo absolutua lortu duelako, eta EAEn PSE-EErekiko aldea murriztu duelako: «Duela lau urte, PSE-EEk hirukoiztu egiten zituen PPren emaitzak», esan du Basagoitik, «orain, baina, parean gaude ia-ia».

Amaiurrek lortutako emaitzak ere baloratu ditu Basagoitik, eta adierazi du PP izan dela «Amaiurren enbatari» eutsi dion alderdi bakarra: «EAJk zerbait galdu du, PSE-EEk asko; guk, ordea, gure emaitzei eutsi diegu».

Amaiurren emaitza onez galdetuta, Basagoitik esan du buruzagi politiko batzuek «arduragabekeriaz» jokatu dutela, «bakea Amaiurrek ekarri duela adierazita, eta badirudi gizartearen zati batek mezu hori sinetsi duela». Edozein modutan, esperantza agertu du egoera aldatuko dela «gauzak normaltzen badira eta askatasun handiagoa eskuratzen bada».

Alderdiko kide eta jarraitzaileen aurrean ere agertu da Basagoiti, PPk lorturiko datuak direla eta bere poza adierazteko. Alderdiko kideek egindako lana eskertu die, eta PP «goraka datorren alderdia» dela esan du: «Orain egoera hobean gaude hauteskunde autonomikoak irabazteko», gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.