ESPAINIAKO GORTEETARAKO HAUTESKUNDEAK

Alderdi sozialistaren eguna

EAJk zazpi diputatu lortu ditu 2000ko emaitzak hobetuz, EAk eutsi dio Gipuzkoako diputatuari boto gutxiago bildu arren eta Nafarroa Baik hautetsi bat lortu du 60.000tik gora boto eskuratuta

Pello Urzelai.
2004ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
PSOEren aldeko botoa Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ere mobilizatu zen atzoko hauteskundeetan. 2000tik hona igoera nabarmenena alderdi sozialistarena izan da, PPren jeitsiera nabarmena izan den bezala. PSE-EE eta PSNren emaitza onak parte hartzearen hazkundearekin lotuta daude. Sozialistek M-11aren ondorengo astinduak eragin duen parte hartzea bere aldera eramatea lortu du, agian PPren jokaeraren kontrako erantzun gisa.

Hego Euskal Herrian lehen indarra bilakatu bada ere, Araban soilik lortu du nagusigoa alderdi sozialistak (55.955 botorekin, duela lau urte baino 14.000 gehiago). Igoera ikusgarriena Nafarroan gertatu da. UPN-PPk 2000tik hona 25.000 boto galdu ditu, baina PSNk 30.000 irabazi ditu (eta 2003tik hona ia 50.000). Nafarroan IUek nabaritu du boto baliagarriaren eragina PSNren kaltetan, baina ez beste herrialdeetan. Bizkaian PSE-EE PPren aurretik jarri da eta horrek beste diputatu bat gehiago eman dio.Dena dela, atzokoa alderdi sozialistaren eguna izan zen, izandako igoeraz gain batez ere Espainiako Gobernua eskuratu duelako. Izan ere, klabe hori izan da erabakigarria atzoko emaitzetan.

EAJk tokiari eutsita

EAJ ongi kokatu da hauteskunde hauetan. Diputatu kopuru bera izango du Madrilgo Kongresuan (7), baina oraingoan joko politikoa izango du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gora egin du EAJk, 2000ko emaitzekin alderatuta. Proportzionalki, emaitza hoberena Araban eskuratu du EAJk. Gipuzkoakoko emaitzak ere (113.000 boto inguru) nabarmentzekoak dira, bertan EA eta Aralar-Zutik lehiakide izan baititu.

PPk toki guztietan izan ditu emaitza txarrak. Nafarroan izan ezik, sozialisten atzetik gelditu da, galera nabarmenekin. Gipuzkoan bigarren tokia galtzeaz gain kolpe handia jaso du (25.000 boto inguru galdu ditu eta diputatu bat). Araban hobeto eutsi du, baina EAJ hurbilduzaio.

Txikiak eta legez kanpokoak

Txikien artean, Nafarroa Bai koalizioaren emaitza da nabarmenena. Ez bakarrik diputatu bat lortu duelako, baizik eta aurreko foru hauteskundeetan koaliziokideek lortutakoa baino hamar mila boto gehiago eskuratu duelako (guztira 60.497). Indarren batuketak eragin positiboa izan du emaitzen arabera. Ez du lortu, ordea, PSNren alternatibaren irudia ematea harek ia bikoiztu egin duelako.

Bergarako Ekimenak lortutako botoen arabera (estrapolazioa eginez 100.000tik gora boto) bosgarren indar politikoa da, IUren atzetik. Legez kanpoko boto hauek indarra galdu dute oro har lurralde guztietan, aurreko foru hauteskundeekin alderatuta eta batez ere Bizkaian eta Nafarroan. Eusko Alkartasunak, berriz, txikitasunean, lorpen handia izan du Gipuzkoan, 2000an lortutako diputatuari eutsi diotelako, 42.331 boto bilduz. Lehia zuzena izan du Aralar-Zutik koalizioarekin baina azkenean gailendu da. Dena dela, Bergarako Ekimena legez kanpo izateaz baliatu da diputatu hori lortzeko. Araban, EAk duela lau urteko emaitzak errepikatu ditu eta Bizkaian boto gutxi batzuk galdu ditu. IUk, Nafarroan izan ezik, hobetu egin ditu duela lau urteko emaitzak, baina ez dio balio izan diputaturik lortzeko. Urrun gelditu da aukera horretatik. Aralar-Zutik kolazioak 38.000 boto bildu ditu. Gipuzkoan EB-IUren atzetik gelditu da, EAtik urrun.Bizkaian 12.000 botora iritsida eta Araban 3.400 botora. Lortutako portzentaiak ez dira oso aurreikuspen onak aurrera begira.

-

Parte-hartzea





% 76,2

Hego Euskal Herrian parte-hartzea nabarmen handiagoa izan zen atzo duela lau urte baino. Duela lau urte, bataz beste, Hego Euskal Herriko parte hartzea %64,3 izan zen eta orduan Espainiako bataz bestekoa baino handiagoa izan da. Oraingoan, euskal herritarren parte hartzea ikusgarria izan da, 2001ko zifrara iritsi gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.